Lazaroren berpizkundea (Dario Fo)
HONA HEMEN DARIO FO-REN "MISTERIO BUFO" OBRAKO PIEZATXO BAT: ESPEKTA-MIRA-KULUEI BURUZ EGINDAKO ELKARRIZKETA. EUSKARAZKO ITZULPENA PATXO TELLERIARENA DA.
- Aizu, parkatu! Hau al
da Lazazoren mirakulua egin behar den hilerria?
- Bai, bai, hauxe da.
- Seguro Lazaroren mirakulua
dela? Hiru egun hilda daramatzan horrenaz ari naiz ni, Jesusek bere hilabiaren
gainean zeinu batzu egin eta berpiztu egiten denaz.
- Baietz, ba. Horixe bera.
Sartu nahi izanez gero bi txanpon ordaindu beharko duzu.
- Bi txanpon! Zergatik bi
txanpon?
- Hilerri honetako atezaina
nauzulako, eta zerbait kobratu behar dudalako istilu guzti honek ematen didan
gehigizko lanaren ordainean. Jakina! Zuentzat oso erosoa da. Hona sartu eta
nahi duzuen txokoetatik ibiltzen zarete, belarra zapaldu, lurrean txistu egin,
hilobien gainean eseri, gurutzeak bota, eta gero zer? Agur Ben Hur! Neu naiz
gero dena txukundu eta garbitu behar duena.
- Ongi da. Ongi da. Hartu...Bizkorra
hau! Ez da gosez hilko, ez......
- Ez, ez! Ezta pentsatu
ere anderea! Ez! Beragatik ere bi txanpon! Bai, bai. Berdin berdin ordaintzen
dute haurrek ere... Ez duela mirakulua ulertuko? Ulertuko ez du bada! Eta horrela
ez bada zuk zeuk azalduko diozu hasten denean...Zer?...Beno, tira! Hiru txanpon
biengatik eta kitto...Emakumeak!! ... Eh! Zuek! bai, horko hoiek, behera, behera.
Jaitsi hormatik ez baduzue harrika hastea nahi: (Bere kolkorako) Hau bai hau,
ikusi behar dena! Bi txanpon, bi txanpon baino ez, Lazaroren mirakulua ikustera
sartzeagatik. Bi txanpon... !
- Tira! Ikus dezagun orain
non arraio dagoen mirakuluaren hilobia ze, lehengo egunean, leku batetan parau,
bost ordu zain egon eta hara non mirakulua beste batean izan zen. Argi ibili
beharra dago... Oraingoan, ordea, onda ikasita daukat. Zorioneko Lazaro horren
izena badakit, hortik galdetuta. Goiz-goizean altxatu, lehengoa heldu leku honetara
eta hilobien artean bilatu dut "Lazaro" idatzita daukana aurkitu arte... Irakurtzen
ez dakidanez, galdetu beharra izan dut: Hauxe da... bi ordu daramatzat zain
aurreko hiladan, gero eta jende gehiago pilatzen ari da baina gaur ederto ikusiko
dut nik ikusteko guztia.
- Eh, aizu! Ez bultzatu!
... ez bultzatzeko! Neure lekua da da hau eta hemendik ez naiz mugituko!
- Lasai, lasai, ez gaitezen
hasi...Eh! Atzekook, ez bultzatu! Lasai! lasai!
-(....) Emakumea zarela?
Hamen ez dago ez gizonezkorik ezta emakumezkorik ere. Hemen bakoitzak ahal duena
egitea besterik ez dago (...) Bost axola zait niri zu baxuagoa izatea. Hurrengoan
goizago etorri eta aurreneko iladan jarriko zara. Goizeko bostetan altxatua
naiz ni! Baina, baina... ez bultzatzeko! Ez al dakizue hemen hilobia dagoela?
Hementxe, nire oinetan dago irekita. Ederra egingo dugu barrura erortzen banaiz
eta Jesusek bizidun bat aurkitzen badu hilobian... Akabo mirakulua! Tira...
Egon geldi! Ez bultzatu!
- Hau jendetza! Nondik atera
da hainbeste jende!
- Ez bultzatu!
- Eh! Zergatik ez doa atzeko
norbait galdetzera ea noiz etorri behar duen. Hau luzatzen ari da.
- Hau errespeto gutxi! Ez
daukagu egun osoa honetan emateko. Ordutegi finko jarri beharko zuten...
- Bai, egia da, egiteko
asko daukagu denok... Ordutegi finko jarri beharko zuten...Eta zintzo bete!
- Hau bai hau! Hemen egon
beharra mirakulu batengatik!
- Ez esan ez duzuela batere
ikusi!
- Bai, halaxe da. Sekulan
ez dut mirakulu bat ere ikusi.
- Isildu!
- Eh, mesedez! Joan dadila norbait abisua ematera! Etor daitezela ja!
- Aulkiak, aulkiak. Bi txanpon
aulki bakoitzeko. Aulki bat anderea? Kontu egin zuhur jokatu behar dela. Gerta
liteke zu zorabiatzea hildakoa hilobitik ateratzen ikustean. Halakoetan hobe
jezarrita egotea, lurrera eroriez gero burua apur dezakezu harri hoien aurka
eta... eta akabo! Zeren, egunean mirakulu bat baino ez bait du egiten.
- Ja, ederki!... Umetxoak
aulki bat erosi du, ezta? Kontuz ibili gero! Ez zaitez nire gainean jarri hortz
zikin hoiek ez badituzu galdu nahi!
- Gastainak, gastain erreak,
bero-beroak!! Hemen nago! Hementxe nauzue, gastain erreak! Gozo-gozoak, hilak
berpizteko modukoak.
- Eh! Bota baten batzu Lazaroren
hilobira sabela berotuz joan dadin.
- Biraorik ez bota jauna,
biraorik ez!
- Hor daude, hortxe! Badatoz,
hortxe! Badatoz! Badator!
- Beitu, beitu! Hor dator!
- Azkenean ere!
- Lehenengoa, aurreko hori,
ikusten? Hori da JESUS!
– Eta bestea? Baxu hori?
Atzerago dabilena?
- Konturatzen zarete ze
gaztea den?
– Aulkiak, aulkiak, bi txanpon
aulki bakoitzeko.
- Isil hadi hi eta hire
aulkiak nazkagarriok! Alde hemendik, ez didak ikusten uzten...
- Ba...nik...ez dakit nola
esan...altuago imajinatzen nuen...eta begiak ... ez dakit...zerago...zerago...
- Zuk imajinatzen zenuena
deabrua zen. Buuuu!
- Ene, ikusi duzue? Ze sinpatiko!
Keinu egin dit begiaz. Ikusi duzue?
- Horko hori, aldamenean
daramana, bere ama da.
- Ai! Andere gizajoa, negar
baten dago....
- Atzeko hori San Pedro
da...beste hori San Pablo... eta hango hura ..... - San Juan, San Juan. San
Juan da hori. Ederki ezagutzen dut nik, nire etxe ondo ondoan bizi da eta. Eh!
Neu naiz...Hemen nago, eh!
- Horko hori, bai ederra!
Ezta? Hori bizardun hori ...
- Ez dakizu nor den hori?
- Ba... ez. Zuk bai ala?
- Nola ez! Eder hori...Judas
da!...
- Ah ... Lastima... hala
ere ederra da!
- Kendu gainetik esku zikin
hoiek. Berriro ere nire gainean jartzen bazara sudur polit hori zapalduko dizut,
entzun?
- Mesedez, mesedez, utzidazue
ikusten ... belauniko jartzera doazela dirudi! - Jesus, Jesus! Egizu ogi eta
arrainen biderketaren mirakulua! Onena da. - Jainkoaren izenean ... Ez egin
biraorik, mesedez!
- Belauniko... denok belauniko...
Judas keinua egiten ari da denok belaunika gaitezen!
- Eh! Aizu! Egizu besteok
egiten duguna... bestela ez dut piperrik ere ikusten... belaunika zaitez behingoz!
- Ni ez naiz fededuna eta
ez dut zertan horrelakorik egin behar.
- Ah, bueno, bueno... horrela
bada!
- Isilduko al zarete? Ez
dut ezer entzuten, ez dut aditzen zer esaten ari den.
- Harria altxatzeko agindua
eman du... Beitu, beitu ... Denok ari dira bultzaka.
- Ene Jainkoa! Hau kiratsa!
Baina... Zer arraio zegoen hor barruan?
- Ama, bota egin behar dut!...
- Jesus, gizajoa... ziri
ederra sartu diote!...
- Ziria sartu... Zergatik
diozu?
- Hiru egun daramatzala
hilda esan diote... Baina usainagatik... Baietz hiru hilabete edo gehiago eraman!
- Ia orain zer egiten duen!
- Porrot egingo du, seguru.
Ustelduegi dago gorpua.
- Nik, ordea, baietz diotsuet.
Egin egingo duela.
- Lortuko duela diozu?
- Hcrixe! Lortuko duela!
- Eta zuk? Zuk ere uste
duzu lortuko duela?
- Tira, egin dezagun apostu!
- Apostuak onartzen dira!
Zu, eh zu, apostua agiten duzu, zk?
- Hiru txanpon, ederki.
Eta zuk? Zuk, lortuko duela, ezta? Hiru txanpon. Nork nahi du apostu egin? Zuk,
ez duela lortuko. Lortuko duela? Ederto! Bi txanpon. Lortuko du. Ez du lortuko.
Lortuko du. Ez du lortuko... Hiru txanpon. Eta zuk jauna?
- Biraogile halakoa!
- Bah, bah, bah....!
- Zer esan du baina? Hainbeste
zaratakin ezin izan dut tutik ere aditu!
- Zera esa du: "Lazaro,
altxa eta martxa".
- Altxatu hori? Bai zera!
- Beitu, beitu, mugitzen
hasia da!
- Nor? Nor? Nor mugitzen
da? Aaaaah!
- Bai mugitzen ari da. Beitu,
beitu... Altxatzen ari da, euliak hegaz ateratzen dira... Eta har guztiak hilobira
bueltatzen ari dira...!
- Begiak ireki ditu... Guri
begira dago!
- Zutunik jarri behar du...
Orain...orain...
- Behera doa, behera doa.
- Orain, gora, gora...
- Zutunik dago.
- Ene jainkoa! Zutik dago!
- Hitz egiten ari da, hitz
egiten ... Lazaro hitz egiten ari da
- Mirakulua! Mirakulua!
- Gora Jesus! Gora Jaungoikoaren
semea! (Irabazi dut, irabazi dut...). Gora Jesus!
- Amaitu egin da?... Seguru
mirakulu bakarra egin behar zuela?... Ez du gehiagorik egingo?
- Egia esateko... azkarregi
egin du!...
- Bai, agian azkar samarra
egin du, baina ez didazue ukatuko mirakulu ederra izan denik! Honelakorik ez
da egunero ikusten!
- Gora Jesus! Gora Jesus!
Gora Jaungoikoaren Semea! Tira, tira, irabazi dut, irabazi dut. Dirua, dirua,
bi txanpon heldu lapurrari!
- Nire garaian gauza habeagoak
ikusten ziren.
- Hau baino mirakulu hobeagorik?...
Tira ba! Nork egina?
- Juan Bautista. Azkoz ere
hobeagoak egiten zituen Bautistak, bai horixe! Itzela zen! Burua moztu ziotelako...
bestela... batek daki noraino helduko ote zen hura...
- Lapurra!... Lapurrari!
... Gora Jesus!
- Ez dut esan nahi ikusi
duguna txarto egon denik, ez, baina ... ez dakit, experientzia falta zaio. Ez
daki ikuskizuna ondo antolatzen, lau hitz, graziarik gabeko zeinu bat eta...kitto.
Ez dauka mailarik. Ez, ez da gauza behar bezalako ikuskizuna burutzeko.
- Aaaah! Nire poltsa, nire
poltsa... Lapurrari ... lapurrari ... heldu lapur horri... lapurrari, lapurrari....
Iruzkinak
Aitziber 2007-09-24 14:34 #1
<p>Ai ama, kostatzea hori guztie irakurtzea... nik uste nola "zatitxo" bat zala...</p>
<p>"Mirakulu bakarra egingo al du? Ba azkarregi ein do..."</p>
<p>jajaja ze jefea dan Dario Fo...</p>
<p>mxsssssssssssss</p>
Utzi iruzkina: