Vall Fosca, ikusgarria

urgazi 1456153462931 Urgazi Triatloi Taldea | 2008-02-22 00:00

Otsailaren 16an jokatu zen Euskadiko koparako puntuagarria den hirugarren proba http://www.emf-fvm.com/DetalleActividad.aspx?id=6

IMG_4050Vall Fosca

Oraingoan Kataluniaraino joan behar izan dute parte-hartzaileek; Vall Fosca izeneko haran zoragarrira, izen bera duen lasterketan parte hartzeko. www.openvallfosca.com

Vall Fosca

Proba hau bikoteka egiten da, eta bikoteko bigarren kideak eginiko denbora hartzen da kontuan. Era honetako probetan garrantzitsua da bi taldekideen arteko laguntza. Lau Elgoibartar izan dira proban: Iker Leonardo, Joseba Elustondo, Iñigo Lariz, eta Arkaitz Irureta.

Vall Fosca

Ia bi aste elurrik bota gabe eta uda giroko tenperaturak izan ostean, elur gutxi eta kalitate eskasekoa espero genuen. Hala ere, antolatzaileek bete-betean asmatu zuten lasterketaren nondik norakoan, eta esperotako 1600 m-ko desnibela barik, 1800 m-tik gorako desnibel positiboa eta 1400 m inguruko desnibel negatiboa izan genituen. Oso lasterketa polita, baina gogorra.

Antolatzaileen lana handia izan da ibilbide osoan eta tarte zailenetan, esaterako, jende asko zegoen laguntzen. Bi tunel pasatu genituen, eta antolatzaileek dena elurrez bete zuten eskiekin pasatu ahal izateko. Eguraldia ere zoragarria izan zen. Tenperatura egokia, bero gehiegirik ez, eta jaitsieretan “baixada amb neu pols”, elur hautsa.

Lasterketaren ondoren La pobla de Segur-en bideo emanaldia, afaria eta material zozketa izan ziren zen. Antolatzaileek proposatuta hainbat ibilbideren bidez ingurua ikusi genuen igandean. Ikusgarria benetan.

Hurrengo erronka Euskadiko koparen azken txanpa izango da: martxoaren 1ean eta 2an, Europako Mendietan, bikotekako Andres Regil sarian (http://www.travesiaregil.com/ ). Hala ere, elgoibartarrak itxaron zerrendan daude oraindik.

Web ofiziala: http://www.openvallfosca.com/

Albisteak: http://www.barrabes.com/revista/articulo.asp?idArticulo=5574

Beste berri bat ere bai. Alberto Agirreazaldegi elgoibartarrak Rajalta Rajalle izeneko lasterketan hartuko du parte datorren hilean, Laponian. Border to border (B2B) izeneko lasterketa Errusiako mugatik Suediako mugara ipar poloaren mugetan egiten den iraupen eskiko proba ezagunena da. 440 km egingo dituzte 7 egunetan. Eguraldi hotza espero dute eta are zailagoa izango da erronka. Animo eta eutsi goiari!


Utzi iruzkina: