Sprint gogor eta politena, Lekeition
51 neskak eta 319 mutilek hartu dute parte Euskal Herriko zirkuituko triatloi gogor eta politenean. Lekeitioko probak aurten ere ez du huts egin eta marka guztiak hautsi ditu. Bero sargoria, hondartza jendez gainezka eta ikuskizun paregabea.
Emakumezkoetan Ana Casares eta Zuriñe Rodriguez triatleta handiak ziren faborito. Mutiletan, berriz, Jaimie Rhodes australiarra, Jon Unanue zarauztarra eta Mikel Elgezabal bizkaitarra. Eta ohi bezala, aurreikuspen guztiak bete dira. Zuriñe Rodriguez (1:13:13) eta Jaimie Rhodes (1:02.51) izan dira garaile.
Elgoibartik hiru lagun joan gara aurten, Imanol Rodriguez, Javi Fernandez eta ni neu, Ainhoa Lendinez. Imanol erori egin da lehen trantsizioan eta bertan behera utzi behar izan du lasterketa.
Javi Fernandezek oso lasterketa ona egin du, beroa etsai handia du eta ongi egin dio aurre (1:21:41).
Ni neu beldurtuta nengoen igerian egiteko, eta egiari zor, urtetik urtera Lekeitioko faroa urrutiago dagoela iruditzen zait. Baina atera naiz uretatik, 20. postuan, eta nire harridurarako, Ana Casares 19. atera da!
Bizikleta hartu eta orduan hasi naiz benetan gozatzen. 22 kilometroko ibilbide aldapatsua, Milloi mendatea bitan igotzeko, aproposa da niretzat. Postu batzuk aurreratu eta lau laguneko taldean iritsi gara azken korrikaldiari ekiteko.
Baina profesionalak ez garen seinale, anekdota txiki bat izan dut gaur: korrika egiteko zapatilak ez neuzkan prest! poltsatik atera gabe nituen! Ondorioz, nire laukotea galdu dut: Irati Etxaburu, Gurutze Frades eta Cristina Zurbitu.
Bizikletan erreleboak eman dizkiogu elkarri eta haiei eusteko gai nintzen ikusi nahi nuen korrika baina zapatilak atera ditudanerako korrika ziren hirurak. Azkenean, 7., 8., 9. eta ni 10. Oso pozik, batez ere lehengo urtekoa 4 minutu hobetu dudalako (1:20:04). Harrituta nago, nekatuta ere bai, urte osoan entrenatzen ari garelako, baina batez ere ikaragarri pozik.
Triatloia kirol gogorra da, zaila, gorabeheratsua, baina ikaragarria, kirolari baten gorputz osoa neurtzeko aproposa. Gaur ere hainbat oihu egin didate ibilbide osoan zehar, Milloiko gainean, bidean, korrikaldiko saioan... eskerrik asko guztioi!
Neskak:
Postua | Izena | Denbora | Igerian | Bizikletan | Korrika |
1 |
Zuriñe Rodriguez |
1:13:13 |
12:10 | 43:12 | 17:51 |
2 |
Ana Casares |
1:14:31 |
14:08 | 42:46 |
17:37 |
3 |
Estefania Gomez |
1:14:44 | 12:25 | 43:31 | 18:48 |
10 | Ainhoa Lendinez |
1:20:04 |
14:35 | 45:29 | 20:00 |
Sailkapen osoa: http://www.triatloi.org/clasificaciones2008/lekeitio_archivos/femenina.pdf
Mutilak:
Postua |
Izena | Denbora | Igerian | Bizikletan | Korrika |
1 |
Jaimie Rhodes |
1:02:51 | 9:43 |
36:32 |
16:36 |
2 |
Jose Manuel Tovar |
1:02:59 | 10:10 |
37:28 |
15:21 |
3 | Jon Unanue | 1:03:15 | 10:09 | 37:32 |
15:34 |
205 |
Javi Fernandez |
1:21:41 | 15:07 |
46:05 |
20:29 |
Sailkapen osoa: http://www.triatloi.org/clasificaciones2008/lekeitio_archivos/MASCULINA.pdf
Iruzkinak
Utzi iruzkina: