Nazioarteko ikuskizuna, Gernikan
Larunbatean, apirilak 19, Gernikako Nazioarteko Duatloia korritu zen, Paul Secoren omenez. "Ikaragarria", hitz horrekin laburbilduko nuke larunbateko saioa. Goi mailako partaideak eta ikusleen jarrera ere aparta.
Sprint luzerako (5,2-27-2,5) duatloi gogor honek gero eta izen handiagoa du nazioartean eta goi mailako duatletak bildu ditu aurten ere.
Guztira 52 neskak zuten dortsala baina 36 bildu ziren irteeran. Mutiletan ere, 334k eman zuten izena eta 277k hasi zuten lasterketa. Hala ere, 36 neskatik 29k amaitu zuten proba, eta 277 mutiletik 268k. Zergatik? Egunean bertan korrikalari asko kexatu ziren lasterketa estuegi hartzen dutelako federaziokoek. Izan ere, lehen 5,2 kilometroak egiteko 24 minutuko denbora-muga ezarri zuten, eta beraz, korrikalari askok ezin izan zuten lasterketa amaitu.
Nesketan Vendula (1:17:06) Frintova txekiarrak irabazi zuen proba, lehengo urtean bezala. Mutiletan, berriz, Sergio Silva (1:06:41) portugaldarra izan zen azkarrena. Europako duatleta onenak bildu ziren Gernikan, eta Virginia Berasategik esaterako, esan zigun oso proba zaila izan zela, Ironmana prestatzen ari denez lasterketa motzetan ez delako horren ondo moldatzen.
Elgoibartik Urgaziko kide bakarra, ni neu, Ainhoa Lendinez. Ikaratuta joan nintzen, aspaldi duatloirik egin gabe nengoelako. Gainera, haize gogorra zegoen iragarrita eta lehiakideen maila ere ikaragarria izango zen!
Lehen tartea oso azkar joan zen, 24 minutuko muga geneukalako 5,2 km egiteko. Bizikletako tartea gogorra iruditu zitzaidan, gorabeheratsua eta haizea alde guztietatik erasoka geneukala. Horrez gain, bidegurutze batean eskuinera bidali ninduten eta atzera buelta eman behar izan nuen. Denbora gutxi galdu nuen, baina lehiakide talde bat ere bai, eta zaila izan zen berriro haiekin bat egitea. Hala ere, txukun antzean joan zen. Azken zatia izaten da niretzat txarrena, eta egia esan, inoiz baino gusturago egin nuen, indartsu iritsi nintzen eta bizikletan aurreratutako postuei eutsi nien. Azkenean, 16. postuan sailkatu nintzen eta pozez zoratzen. Eskerrik asko nire "laguntza taldeari", eta animoak ematera etorri zineten guztiei!
Postua | Izena | Denbora |
16 |
Ainhoa Lendinez |
1:29:00 |
Argazki gehiago: http://www.flickr.com/photos/89982959@N00
Honi lotutako berriak: http://www.itxaspe.com/BlogsDeportes/deportes-elgoibar/
Iruzkinak
Utzi iruzkina: