Elgoibartarrak Andres Regilen
Eñaut Izagirrek bi sari lortu ditu aurtengo Andres Regil eski-txapelketan. Joan den asteburuan izan da, martxoak 7-8, Europako Mendietan. Berarekin batera, beste 5 elgoibartar ere izan dira lehian; Arkaitz Irureta, Iñigo Lariz, Iker Leonardo, Haritz Arrieta eta Aitor Salaberria.
Bi eguneko saioa egin dute elgoibartarrek: larunbateko proba gainera, Regil
koparako puntuagarria izateaz gain, Euskadiko kronoeskalada txapelketa ere
bazen. Lasterketa horretan, Iñigo Lariz hirugarren sailkatu zen. Igandekoa oso bestelako lasterketa izan zela esan digu Arkaitzek: "larunbatean bikotearen batura hartzen zen kontuan, eta norberak ahalik eta marka onena egitea
zen helburua. Igandean, berriz, binaka egin
behar zen ibilbidea, elkarri laguntzen, bikoteko bigarrenaren denbora baitzen
kontuan hartzen zena. Horrez gain, antolatzaileek bi kideen artean tarte handiegia zegoela erabakiz gero, bikotea lasterketatik kanpo utz zezaketen".
Urtero legez, Regil saria ez zioten denbora onena
egin zuen pertsona edo taldeari eman, balio onenak erakutsi zituen
lasterkariari baizik. Aurtengoan hainbeste urtean mendi-eskian lehiatzen
dabilen Ana Bernalek eraman zuen garaikurra etxera. Makina bat urtean bera
izan da parte hartu duen neska bakarra, eta martxoaren 8a emakumeen eguna izaki,
Regil familiak goraipamen hori egin nahi izan zion Anari.