Ibon Gabilondo: Jabaliman
Larunbatean "Jabaliman" izeneko triatloia korritu zen Aranda de Dueron, Burgosen. Bertan izan genuen Urgazi Triatloi Taldeko korrikalari iaioena, eta espezialista handiena: Ibon Gabilondo.
Izenak ondo erakusten duenez, gizon indartsuentzako proba luzea izan zen.
Ibonek berak esan digunez, triatloiaren distantzia 3000 m igerian + 84 km bizikletan + 20 km korrika zen, baina Duero erreka nahiko baxu zihoala eta, igerian 2000 m egin zituzten azkenean. Bizikletako proba drafting gabekoa zen eta 120 parte-hartzaile inguru batu ziren: espainiar estatu osokoak, jende zaildua eta material bikainekoa. Lasterketa nahiko "informala" izan zela esan digu Ibonek, antolaketa aldetik batez ere, baina
triatloiaren esentziari eusten ziona.
Lehen zatian Duero errekan egin zuten igerian, joan-etorri bat, gora eta behera. Gero bizikleta hartu
eta bi bira eman zizkioten 42 km-ko zirkuitu bati. Bigarren zatia oso laua izan zen eta material aereoari probetxua ateratzeko modukoa. Halakoetan izan ere, maldarik ezean, gorputzaren jarrera, akoplea, kasko berezia eta bestelako osagarriak oso lagungarriak dira abiadurari eusteko. Azkenik, 20 km egin zituzten zirkuitu trakets eta harritsuetatik. Eguzkiak gogor jo zuen korrikako zatian eta min handia egin omen zien korrikalariei.
Sailkapenak oraindik ez dira atera, eta denborak ezin izan ditugu ikusi, baina Ibonek berak esan digu igerian ondo aritu zela, eta 5. irten zela uretatik. Gero bizikletan postuari eutsi zion, pare bat lehiakide ere aurreratu zituen eta bera beste 3k aurreratu zutenez, 6. iritsi zen boxeetara. Korrika, ordea, sufritu egin zuen, beroagatik seguru aski,
eta azkenean 12. postuan amaitu zuen elgoibartarrak.
Sergio de Torres madrildarrak irabazi zuen proba, aurreko urtean 3. izan zen Espainiako txapelketan, distantzia luzeko triatloian.
Ibon benetako triatleta da; isil-isilik entrenatzen duena, eta proba gehienetan ondo ibiltzen dena, oso konstantea. Oraingo proban korrika sufritu du, baina horixe da triatloia, azken unera arte erabakitzen ez den kirol harrigarria. Segi horrela Ibon!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: