Hektor Llanos eta Miren Casado, hitzaldia Enkarterrin

urgazi 1456153462931 Urgazi Triatloi Taldea | 2008-01-29 00:00

Albiste hau batzuei interesatuko zaizue agian, beste askori ez. Joan den ostiralean, urtarrilak 25, triatloiari buruzko hitzaldi gogoangarria antolatu genuen Enkarterriko Euskara Zerbitzutik. Azken denboraldi luzean Euskara Teknikari ari naiz Enkarterriko Mankomunitatean, eta kirolean euskara bultzatzeko ekintzen harira izan zen topaketa.

Miren-Hektor

Ez zen erronka erraza, triatleta euskaldunak behar genituen, ezagunak eta entrenamendua utzita Zallaraino etortzeko prest egongo zirenak. Triatloi Federazioarekin harremanetan egon ostean, Hektor Llanos gasteiztarra eta Miren Casado zarauztarra bildu nituen hitzaldia antolatzeko. Baita Luis ere, Lekeitioko Garraitz triatloi taldeko arduraduna.

Laguntzaileak

DBHko ikasleei, hau da, 14-15 urteko gazteei, triatloiaren berri eman zieten bi adituek; 3 kirol motak, lasterketen distantziak, entrenamenduak, gomendioak, bitxikeriak, etab. Ikasleak ez ezik, irakasleak ere oso gustura egon ziren Zallako institutuan. Batzuek harriduraz ere begiratzen zieten bi triatletei, gorpuzkera sendoagokoak izango zirela uste baitzuten. Miren oso trebe aritu zen, power pointa eta bideoak lagun triatloiaren historia, ezaugarriak eta kirol gogor bezain eder honetan aritzeko gomendioak ematen. Tarteka, Hektorren aholkuek eta iritziek hitzaldia aberastu eta jantzi zuten.

Luis Laguntzen

Hori guztia gutxi ez eta, azken galderei erantzun ostean, duatloi txiki bat antolatu genuen ikasleentzat. Hektor, Miren, Luis, beste bi irakasle eta ni neu, udaltzainen hesiak eta beste atontzen aritu ginen, zirkuituko mugak eta bestelakoak osatzeko. Ez genuen espero eta 30 ikasle ausartu ziren baliabide eta azpiegitura gutxiko proban lehiatzera. Ikasleek mendiko bizikletak ekarri zituzten eta gustura aritu ziren.

Boxeak

Hektor eta Miren triatleta handiak dira, Luisekin batera profesional bikainak eta oso pertsona atseginak. Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet hirurei, nire lan arloa baliatuta, zinez begiko dudan kirol honen berri euskaraz zabaltzen lagundu zidatelako Enkarterriko eskualde erdaldunduan. Eskerrik asko!

 Argazki gehiago: http://www.flickr.com/photos/89982959@N00

Ainhoa Lendinez


Utzi iruzkina: