Eñaut Izagirre, Euskadiko junior garaile
Joan
zen igandean, hilak 19, 2009ko mendi-eskiko Euskadiko Koparako azken lasterketa puntuagarria jokatu zen: Ral-li CEC. Katalunian izan zen, Conangles
bailaran, Vielhako tunelaren hegoaldeko sarreratik gertu. Eski denboraldia
gogoz amaitzea nahi zuten 125 partaide elkartu ziren bertan. Horien artean,
Eñaut Izagirre elgoibartarra ere bai.
Goizeko
zortzietan abiatu ziren lasterkariak. Lehenengo
kilometroak korrika egin ondoren, eskiak oinetan jarri eta 900 metroko desnibel
positiboa igotzeari ekin zioten, pare bat korridore tartean zituztela. 2.800 metro garai zen tontor bat igo ostean, 1.100 metroko jaitsiera eginez bukatu zuten lasterketa.
Eguraldiak
lagundu ez zuen arren, partaideen artean giro aparta izan zela esan digu
Eñautek: “Euskadiko kopako azkeneko lasterketa zela kontuan izanik, giro
bikaina izan zen une oro”.
Azkenean,
Eñaut Izagirre elgoibartarrak 2. postua lortu zuen senior “promesen” sailkapen orokorrean.
Euskadiko
kopa 5 lasterketa izaten dira, eta horietako bakoitzeko sailkapenaren arabera puntuak lortzen dira. Ondoren, urte amaieran, puntu guztiak batuta
sailkapen orokorra egiten da.
2009a
urte bikaina izan da zalantzarik gabe Elgoibarko eskiatzaileentzat. Lasterketa
honetan lortutako puntuekin, Eñaut Euskadiko Kopako junior garailea da.
Krono-igoeran,
Eñaut bera Euskadiko txapelduna izan da juniorretan eta Iñigo Larizek hirugarren egin du.
Zorte
txarragoa eduki dute aste-bukaera honetan denboraldia biribildu nahi zuten elgoibartarrek. Iñigo Lariz, Iker Leonardo eta Arkaitz
Irureta Italiaraino joan ziren Mezzalama eski
alpinismo proba entzutetsuan parte hartzeko. Munduko
hiru lasterketa garrantzitsuenetako bat da, eta garaiera du ezaugarri nagusi, 4.000 metrora maratoia egiten baita; Cerviniatik hasi eta Castor eta Naso de
Lyskam 4000mko mendiak egin ondoren Gressoney-ra jaitsi behar dute parte-hartzaileek.
Apirilaren 19an zen lasterketa, baina goizeko 5etan irteera eman baino 5 minutu lehenago bota zuen elurteagatik bertan behera utzi zuten proba. Bi urtean behin egiten den proba klasiko hau Maiatzaren 2ra atzeratu duten arren, elgoibartarrek ez dute erabaki maiatzeko zubian Italiara itzuliko diren.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: