Denboraldiari agur, goren-gorenetik
Elur faltagatik atzeratu zuten, eta azkenean, joan den asteburuan, apirilaren 5etik 6ra bitartean, izan da Andres de Regil mendi-eski txapelketa ezaguna.
Bi edo hiru laguneko taldeetan egin behar zen proba, eta adiskidantza onena erakutsi zuen taldeari sari berezia ere eman zioten. Gogorra izateaz gain teknikoa ere izan zen lasterketa. Zapatuko etapak, esaterako, 1600mtako desnibela zuen. Eguzkiak gogor jo zuen arren, eskiatzaileek Europako Mendietako inguru basatiaz gozatu ahal izan zuten.
Domekan, berriz, laburra, bizia eta berritzailea izan zen proba. 400m-ko desnibela zuen erlojupeko eskalada lehenengo, eta taldeka sokaz lotuta beheraka, ondoren. Jaitsiera erabat berria zen, eta arriskutsua ere bai. Hala ere, parte-hartzaile gehienek arrakastatsua izan zela esan dute, ohiko moldeak hautsita ikuspuntu alpinoagoa eman ziolako probari.
Aurtengoan lau elgoibartarrek hartu dute parte, bi taldetan banatuta: Joseba Elustondok eta Iker Leonardok batetik; eta IƱigo Larizek eta Arkaitz Iruretak bestetik.
Euskadiko kopa burututa, ondorioak ateratzen hasteko unea da. Denboraldi hau berezia izan da elgoibartarrentzat. EMFko eskiko batzordeak eta bereziki Andoni Areizaga eta Antxon Bandresek egindako esfortzuari esker Gabonetan egin zen ikastaroan, asko ikasi zuten. Ondoren, ikasitakoa lasterketetan erabili ahal izan dute, eta lehen probatik azkenekora garapena ikaragarria izan da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: