Iriaun gazteluaren sekretua

UNZ 1570717951349 UNZ | 2022-03-03 23:15

naparzuzterrak@gmail.com 1646346991662

 2021eko uztailaren 24an Iriaun gazteluari buruzko hitzaldi bat eman zen Elosuan (Bergaran). Bertako auzo-alkate, Iñigo Zubieldia, izan zen antolatzaileetariko bat. Asmoa zen Iriaun gaztelu nafarraren berreraikuntza birtuala egitea. Helburu horretarako nafar gazteluetan maisurik jakitunena eraman zuten: Iñaki Sagredo, hain zuzen ere. Jarraian kontatuko dizuegu han azaldu zena.

 Iriaun gaztelua Bergarako Elosua auzoan dago, Azkoitiako mugatik oso gertu. Gipuzkoako nafar gazteluetan ezezagunena da, ez baita idatzirik aurkitu berari buruz; eta esan daiteke ingurua abandonatuta dagoela. Hitzaldiaren antolatzaileek gazteluaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute berreraikuntza birtualaren proiektuarekin.

 Sagredok, lehenengo, eraikinaren testuinguruan jarri gintuen, Nafarroako historia kontatu zigun XI. mendetik hasi eta gaztelauen inbasioa gertatu zen arte. X. gizaldian nafar gazteluek lurralde, lege, ohitura eta hizkuntza komunak babesten zituzten. Mendilerroek osatzen zituzten barrera naturaletan kokatzen ziren gazteluak, eta berezko pasabideak zaintzen eta babesten zituzten. Gaztelako inbasioak gertatu ahala, Iruñatik gertuagoko mendilerroetan kokatzen joan ziren nafar gazteluak. Gaztelauen erasoek ez zuten etenik eta hala 1179 Antso Jakintsuak eta Alfonso VIII. Gaztelako erregeak bake-itun bat sinatu zuten, muga berriak zehaztuz. Muga berri horiek babesteko lurralde antolaketa berriak sortu zituen errege nafarrak. Besteak beste, Gasteiz hiria sortu zuen eta Aitzorrotzeko tenentzia ere bai. Eremu berri horretan hainbat gaztelu zeuden. Hortxe kokatzen zen Iriaun gaztelua. XII. mendearen amaieran Gaztelako eta Aragoiko erresumek, biek bat eginda, eraso egin zioten Nafarroko erresumari. Gasteiz hiriak eusten zion bitartean, gaur egungo Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea inbaditu zituzten Gaztelako eta Aragoiko erregeek. Aitzorrotzeko tenentzia orduan erori zen, eta uste da Iriaun gaztelua ere orduan erori zela, baina ezin da oraingoz ziurtatu ez baita idatzirik aurkitu.

 Historia apur bat ezagututa, ondoren, Elosuako gazteluko lurretan egindako arkeologia lanak kontatu zizkigun Iñakik. 20x7m-ko haitz baten gainean kokatzen zen gaztelua. Buztin-egosizko argamasa zatiak topatu zituzten, egurrezko armazoietan ohikoak zirenak. Beraz, ondorioztatu dute gazteluak egurrezko egitura izango zuela.

 Azkenik, berreraikuntza birtuala egin ahal izateko pausoak kontatu zizkigun. Oraindik zati askotan azterketa topografiko bat egin behar da, georadar edo antzeko teknologiak erabiliz. Datu guztiak jasotakoan modelaketarekin hasi beharko litzateke. Arestian esan bezala, eraikinak zurezko egitura izango luke. Dorre bat izango zuela ere uste du arkeologo ezagunak, baita bizileku eta egurrezko barrera bat ere. Zulo (foso) bat aurkitzea ere espero da. Bianako gazteluarekin egindako lana jarri zuen adibide bezala.

 Tamalez, proiektua geldirik dago gaur egun. Dena den, "Urolakoen Napar Zuzterrak" taldekoek bultzadatxo bat eman nahi izan diogu ideia zoragarri horri, bideoa argitaratuz. Hitzaldia gaztelauen hizkuntzan dagoenez ez dugu hemen loturarik jarriko, baina inork ikusi nahi izan ezkero, you tuben “Urolakoen Napar Zuzterrak” kanalean topatuko du,  “Iriaun gaztelu nafarra” idatzita ere bai. Ea guztion artean lortzen dugun proiektu hori aurrera ateratzea. Eta behin amesten hasita, nork daki, agian, egunen batean, benetako berreraikuntza egitea ere lortuko dugu.


Utzi iruzkina: