Uberako Monumentuak
San Paulo eliza
Laukizuzen erako oinarria, nabe bakarrekoa, abside karratua. Epistola tokiaren alboan sakristia. Egurrezko sapaia, kainoi tankerako hiru ganga osatuz. Dorrea burualdean itsatsia, laukizuzen erakoa, teilatua txuntxurrean eta gainaldean gurutzea eta haizeorratza dituena.
Abside buruan, gaur bide-ertzeko gurutz-tokian dagoen Santuaren irudia zegoen. Aldameneko aldarean, berpizkunde garaiko San Pedroren irudia, eta Epistola eta Ebanjelio aldean, Migel Okina bergararrak margotutako beste bi: Jesusen Igokundea eta San Pauloren Bihurrera. Sarrerako bi ateak, egurrezko oinarria duen arkupe baten babesean daude. Kanposantua elizaren ondo ondoan, itsatsita.
San Emeteri eta Zeledonioren ermita (San Matei)
Bergaratik Elgetarako bidean, Uberan sartu bezain pronto ezkerreko bidea hartu eta handik 300 bat metrora dago, Etxeberriaundia (Santikua) baserriaren ondoan. Oinarri karratua dauka, lau isuritako teilatua, eliza barruan gela handia, apaingarri gutxikoa: hormak margotuak, porlanezko lurra, eta erretaula. Sabaizun sapaia eta egurrezko habeak. Sarreran egurrezko atea, eta aurrealdeko horma guztian egurrezko hesia, beraz, barrua begibistan dago. Guzti hau arkupe baten babesean.
Santiago Pelegrinoaren Irudia
Ubera auzoko Martokua baserriko bide kontrako orman sartuta, Elgetatik Bergarara bitartean, ia guztiz hondatuta dagoen harrizko Santiagoren imajina ongi antzeman daiteke, kapelagatik eta makilagatik ere bai. Zerbait haundiagoren baten zatia dela esan daiteke, agian, bidagurutze batena. Saindua maskordun nitxo batean kokatua egoteak Errenazimenduan datatzeko balioko liguke, XVI mendearen erdialdeko platereskoan asko erabili baitziren.
San Matei
Egurrezko kanzela batekin itxita dago. Aurrealdean ondorengoa idatzirik duen kanpai bat ageri da:
“Venite benedicti patris mei año MDCCLVI”
Auzolanean 2013ko udan Ermita guztia berriztu da. Bertan 20 pertsona baino gehiagok parte hartu dutelarik.
Baserri interesgarriak
- Idarragagañekoa: sarreran, erdi-puntuko arkua, eta arku-giltzan giza antzeko irudi bat. Azpikaldean eguzkiaren ikur antzeko bat eta azpian data bat: “1846”.
- Agirregoikua: aspaldi batean bi bizitzako etxea. Lau aldetako hormetan dauzka subitarteak, batzu zeharka daude eta beste batzuk ateburuan.
- Errementarikua: etxaurreko sarrerako atearen ertzean erliebe bat, eta bertan gurutzea.
- Posada: argiari sartzen uzten dion zulo txiki bat egurrezko baoguneen artean. Etxaurrean, labea babesten duen estalpea.