Zazpigarren eguna
Jaungoikoak Genesiaren idazlea deitu zuen. Haserre zegoen, oso haserre.
-Liburua inkoherentziaz beteta dago.
-Adibidez, jauna?
-Nire ahoan berba hauek jarri dituzu: Egin dezagun gizakia; izan bedi gure irudiko.
-Eta?
-Nola jarri duzu dezagun? Nola gure irudiko? Jendeak pentsatuko du ez naizela jainko bakarra!
-Plural maiestatikoa dotoreagoa delakoan idatzi nuen horrela, jauna.
-Tira, jar ezazu singularrean, inork pentsa ez dezan unibertsoa Txerrenen eta bion artean sortu dugula.
-Besterik, jauna?
-Jakina! Ez nago batere gustura zati honekin: Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen.
-Zer ba?
-Zer ba galdetzen duzu? Hemen lelorik ez dago, zeu ez bazara! Nola diozu gizakia nire irudira sortu nuela? Gizakia, izatekotan, nire irudiaren zirriborro akastuna da! Eta akabua: gizakia nire irudira sortu banuen, zer dela eta diozu ar eta eme egin nituela? Ea, sexu biak ditut akaso? Jainko hermafrodita naizela pentsatuko dute, txakur-kaka hori!
-Jauna, errespetu apur bat.
-Ze errespetu eta errespetu ondo! Zeuk zor didazu begirunea, papao horrek! Eta zer diostazu saihets hezurraren fantasia horretaz? Nork sinistuko du emakumea gizonaren saihets batetik sortu nuela? Ergela zer zara baina!
Idazlea pazientzia galtzeko zorian zegoen.
-Lizentzia poetikoak ere ezin ditut erabili? Zer jarri behar dut orduan, jauna?
-Zeu zara idazlea, babo arraioa! Egin zure lana ganoraz, eta kito! Ah, eta beste kontu bat.
-Zein, jauna?
-Kainen eta Abelen arteko kontu hori. Zera, Kainek Abel hil bazuen, eta Adan eta Ebaren seme bakarrak baziren, zer pentsatuko du jendeak?
-Ez dut ulertzen, jauna.
-Argi dago, lelotzar hori! Nola ugalduko dira gizakiak seme bakarra gelditzen bada? Idatzi zerbait sinisgarria, ez dakizula otu beste inozokeria bat, adibidez Kaini beso bat kendu, lurpean sartu eta handik beste anaia bat sortzen dela. Kontuan izan unibertsoaren hasieran gaudela: surrealismoa askoz geroago etorriko da.
-Baina jauna, erraza da: zergatik ez dute alaba bat izaten Adanek eta Ebak? Harekin ezkon liteke Kain...
-Zomorro zikin hori, nola ausartzen zara esaten zer egin behar dudan? Hemen orojakilea neu naiz, eta zu nire morroia!
Hala jarraitu zuen Jaungoikoak, idazleari demanda egiten, hain idatzi eskasa egitearren. Inkoherentzien zerrenda luzea errepasatu zuen, idazlea lotsarazteko. Banan-banan aipatu zituen, eta, inkoherentzia bakoitzeko, handiagoa zen idazlearen ezinegona. Azkenik, etxera joateko agindu zion, eta Genesia berridazteko.
Idazleari, erretiratu eta etxerantz zihoala, lan eskerga iruditu zitzaion egin beharrekoa. Ia guztia aldatu beharko zuen, eta beldur zen Jaungoikoari bigarren bertsioa ere ez zitzaiola gustatuko.
Eta, bat-batean, argia ikusi zuen.
Etxera heldu zenean, paper bat hartu eta zera idatzi zuen:
Eta zazpigarren egunean, egindako inkoherentzia guztiez damututa, Jaungoikoak bere buruaz beste egin zuen.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: