Xarameluak (6)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-08-16 23:13

Ikerren egunkaritik

Ez dakit zer pasatzen zaion Onintzari. Ez ditu aitak esandako arauak errespetatzen. Hauek dira neskak konkistatzeko arauak, nire aitaren arabera:

1.      Erakutsi dirua. Honela esaten du aitak: diruak langa guztiak botatzen ditu. Berak sarri praktikatzen du arau hori, batez ere hirugarren kubatatik aurrera, diru-zorroa barra gainean uzten duenean. Zera esaten dit: denek dugu ahulguneren bat; Akilesek orpoan zuen, eta emakumeek diruzalekerian. Berdin dio agure pipiatua bazara: dirua soberan baduzu, ez zaizu neska ederrik faltako. Misterioa dela? Ba, halaxe da. Zeuk ere ezin duzu ulertu nola gustatu ahal zaien mokordo egin berria euliei, ezta? Ba emakumeak modu berean hurbiltzen zaizkio dirua nabarmen erakusten duen gizonari. Neska bat irabazi nahi baduzu, erakutsi dirua. Arau horrek ez du sekula hutsik egiten.

2.      Erakutsi kirtena. Antza denez, sasoiko erreminta bat badaukazu, emakume guztiak errendituko zaizkizu. Aitak seigarren kubatatik aurrera praktikatzen du bigarren araua: lehenik, diru-zorroaren nabarmenkeria dator, eta, ostean, zakilaren erakuskeria. Zer esanik ez: ni lotsatu egiten naiz, baina aita ez. Aitak zera baino harroago erakusten du bere erreminta anabolizatua, orro artean hau dioela: Artillero, dale fuego!

Aitak diost emakumeekin hobe dela hogei zentimetroko kontsolagarria bost ogerleko diskurtso eta loreak baino. Nahikoa omen da andre baten hankartearen azkura sosegatzea norberaren daratuluaren ospea zabaltzeko. Hortik aurrera, ilaran etorriko zaizkizu kontsolamendu eske.

3.      Erakutsi ukabila. Hirugarren (eta azken) arau hori bitxia da, baina emakume batzuekin oso eragingarria. Horiek arrik basatienaren babesa maite dute, eta, beraz, horien arreta irabazteko, onena indarraren apologia egitea. Aitak hamargarren kubatarekin batera ekiten dio hirugarren arauari: alkandorako botoiak askatu eta paparra eskaintzen dio parean fortunatzen zaionari. Zera esaten dio, orroka: Jo! Jo beldurrik gabe! Bular honentzat Urtainen ukabilak gurinezkoak dituk!

Aitak esaten dit emakumeak, txakurrak bezala, domeinatzen jakin behar dela eta batzuek gustuko dutela egurra jasotzea. Azken baten, animaliak gara, eta begiratu lehoi emeei: arrik indartsuenaren atzean joaten dira beti.

 

Oharra: nik ez daukat diru askorik, beraz nire zera erakutsi nion Onintzari. Barreka hasi zen, eta denek entzuteko moduan hauxe esan zuen: Ikerrek gusanito ipotxa dauka! Ikerrek gusanito ipotxa dauka! Gero ostikada bat eman zidan potroetan, eta lurrean geratu nintzen. Aitari esan beharko diot laugarren arau bat asmatzeko, bestela jai dut Onintzarekin.

 

Xixili Lapafresku


Utzi iruzkina: