Xarameluak (5)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-07-28 20:19

Eugenio Joseren egunkaritik

 

Atzo eztabaida izan nuen Onintzarekin, euskara-irakasleak agindutako idazlan baterako gaia zela eta.

Bide batez esanda: irakasle horrek mozolo galanta izan behar du, derrigor. Nola lortuko du ikasleen errespetua lehen egunean bera Ketxus dela esanda? Norberaren izena esateko gauza ez dena begietara begiratzen ez duena bezain badaezpadakoa da!

Ba, antza denez, Ketxus sasiko hori astelehen guztietan etortzen da kristoren biharamunarekin, baina hori ez da txarrena: aste barruan ere, sarritxotan, gaupasa eginda ematen ei ditu eskolak. Onintzak diostanez, ron eta puru hats jasanezina dario. Kubara uda guztietan egiten dituen bidaietan zaletuko zen, seguru, bizio zikin horietara.

Zera, Ketxusek gai honetaz idazteko agindu die: Zilegi da gizakiak munduko edertasunak hondatzea aurrerabidearen izenean? Nik Onintzari beste galdera baten bidez erantzun nion: Eskubidea dugu edertasunaz gozatzeko? Eta ahoa zabaltzeko astirik eman barik, beste galdera hau egin nion: Eta nork du eskubide hori, gutxiengo batek ala gizateria osoak? Berriro ere, beste galdera batez erantzun nuen: Gizateria osoak, ezta?

Alabak (niri kontra egitearren, eta ez hala pentsatzen duelako) ekologismoaren aldarria egin zuen, baina alferrik: nire argudio-zaparradak di-da suntsitu zuen haren arrazoibide epela. Diskurtso bikain hori gehigarri batean jarriko dut, merezi du eta!

 

Oharra: zuzendariarekin hitz egin behar dut, zeren, alabak esan didanez, lehengoan Ketxus nesken komunean harrapatu zuten, txiza nola egiten duten zelatatzen.

Bigarren oharra: nola arraio ikasi du Onintzak ronaren hatsa bereizten?

 

 

Eugenio Joseren argudio-zaparrada, edertasunaren ustiapenaren alde

Edertasuna ez dago gauzetan edo paisaietan, gizakiaren zentzumenetan baino. Beraz, subjektiboa da. Esaterako, bada jendea krokodiloari izugarri ederra irizten diona. Nik ez. Niri jaten ez diren animaliak ez zaizkit batere interesatzen. Nire ustez, krokodiloa ez da berez ederra; bai, ordea, haren larruaz egindako diru-zorro ondo betea. Labur esanda: etekinik gabeko edertasuna alferrikakoa da.

Zertarako balio dio edertasunak harkaitz malkartsuan hazitako loreari, bertaraino iristerik ez badugu? Era berean, urretxindorraren kantuak ez du zipitzik ere balio hura entzungo duenik ez badago. Alabaina, berezko edertasun estetiko horiek ez dute meriturik; gizakiak eraikitakoak, berriz, bai: edertasunak gorengo gradua lortzen du helburu praktiko baterako eraikia denean.

Neurri baten, gizakiaren aurrerabidea edertasun ezkutuen aurkikuntzan eta ustiaketan oinarritu da. Hona adibide bi: mikroskopioa eta teleskopioa. Bi tramankulu horiei esker, gure begietara ekarri ditugu ezagutu gabeko unibertsoak eta haien baitan gordetzen diren edertasunak. Bi tresna horiek gabe, edertasun antzuak izango ziren, adibidez, espermatozoideek obulua ernaltzean eskaintzen dutena edo Oriongo konstelazioko zaldi-buruarena.

Ederra da ikusten dugun Ilargiaren aurpegia; besteak, ezkutuan dagoenak, alferrik uzten du galtzen bere balizko edertasuna: nik neuk diodan legez, Parisko edertasunak ere, Ilargian balizko.

Gizakion eskubidea da munduak eskaintzen dizkigun edertasunez gozatzea. Gizaki guztiena esan nahi dut, eta ez elite batena. XX. mende amaierako arrakasta da lehen aberaskilo batzuen esku zegoena orain askoz jende gehiagok gozatu ahal izatea. Iguazuko ur-jauziak zein Egiptoko piramideak demokratikoagoak dira gaur egun, bidaia-agentziei eta banketxeen maileguei esker. Everesteko gailurrak ere ez luke soilik mendizale gihartsu batzuen esku egon behar: eraiki dezagun bertaraino teleferiko erraldoi bat, potoloek eta ezinduek ere goza dezaten Lurraren sabaiak eskaintzen duen ikuskizuna!

Gogoan dut Austriako Werfen herrian bisitatu nuen izotz-kobazuloa. Bertara iristeko teleferikoa hartu behar da, eta, ostean, behin kobazulo barruan zaudela, eskailera luze batzuetan gora eta gora egin behar da. Ikuskizuna paregabea da. Eta nik diot: zer garrantzi du kobazulo horren birjintasuna hondatzeak horri esker milaka et milaka bisitarik paisaia harrigarri hori gozatu ahal badu? Areago diot: bertaraino iristeko hartu behar den teleferikoa ere ez ote da artea? Ez ote da gizakiaren ekarpen baliotsua kobazuloan eraikitako eskailera amaigabe hori? Bai, jaun-androideok! Geuk daukagu benetan meritua, eta ez izadiak!

Beraz, biba zuek, zubi erraldoiak eta teleferikoak, eskailerak eta igogailuak, garabiak eta antenak! Horiek guztiak gure zibilizazioaren edergailuak dira!

Hemen axola duena ez da edertasuna, hura eskuratzeko eta gozatzeko erabiltzen ditugun bitartekoak baino, eta edertasun horri atera ahal diogun etekina.

 

Oharra: beste baterako utziko dut Werfengo kobazuloan gertatua. Gogoratzen dudanean, raindik gogortzen zait aparejua!

 

Xixili Lapafresku


Utzi iruzkina: