Xarameluak (12)
Eugenio Joseren egunkaritik
Bart beste amets erotiko bat izan dut. Bertan, krema-emailea nintzen lanbidez. Hondartzan ibiltzen nintzen, batetik bestera, edariak eta barkilloak saltzen ibiltzen diren txorimalo horien antzera, zera oihukatzen: Kreeeeeeeeeeeema! Krema-emaiiiiiiiiiilea! Kreeeeeeeeeeeema! Krema-emaiiiiiiiiiilea! Nibeeeeeeeeeeeeea! L’Oreeeeeeeeeeeeeeal! Iiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiisdin! Lancaaaaaaaaaaaster! Piz Buuuuuuuuuuin! Viiiiiiiiiiiiiiiiichy!
Tarteka, emakumeek deitzen zidaten, krema emateko. Lehenik bizkarrean ematen nien, besoetan, hanketan. Gero gora begira jartzen ziren, eta, oinetan hasita, gorantz hasten nintzen: belaunetan, izterretan, zilborraren inguruan… Titiak azkenerako uzten nituen. Igurtzi eta igurtzi aritzen nintzen, hatz puntetako krema titiburuen inguruan goxo-goxo zabalduz.
Batzuk gazteak ziren, eta beste batzuk, helduak; batzuek titi txikiak zituzten, eta beste batzuek, handiak; batzuen titiburuak zapalak ziren, afrikarrenak bezalakoak; besteenak, tenteak, piku helduak bailiran… Baina hori bai: deitzen zidaten guztiak emakume ederrak ziren, eta, krema ematen hasten nintzenean, denek zabaltzen zituzten ezpain haragitsuak, eta atseginezko zizpuruak egiten zituzten. Esan zitekeen ezpain haiek arrainen ahoak zirela, nire hatzen ferekaren arabera zabaldu eta ixten zirenak.
Halako batean, hogeita hamar bat urteko ilehori batek deitu zidan. Edeeeeeeeeeeerrrrrrra zen, ikusiaz batera libidoa zutarazten dizun horietakoa.
—Emaidak krema, baina ez horietakoa. Hirea nahi diat. Entzun diat afrodisiakoa dela. Badakik zer nahi dudan, ezta, txotxo?
—Hemengoa esan nahi duzu? —galdetu nion, begiak ez ezik eskua ere anaia txikiaren gainean jarrita.Txirularen doinua entzunda saskitik atera nahi duen sugearen antzera sentitu nuen koitadua, galtzontziloen barruan.
—Bai. Baina egidak hikan. Ni Brigitte naun, eta hi?
Gezurra esan nion. Eugenio Jose izen zatarra da, glamourbakoa: ukuiluko hatsa dario. Egoera hura eta nire asmo konkistatzaileak kontuan izanda, izen lotsagarria zen, lurrin-denda bati Perfumeria Manolo deitzea bezain desegokia. Ez, beste izen exotikoago bat esan behar nion.
—Jean Paul. Jean Paul naun, laztana. Berehala hasiko naun lanean, baina lasai hartu. Badakin: krema ekoiztu beharko dinat…
—Ez lotsatu, moñoño. Jar ezak krema-ontzi luze hori nire titien artean; horrela berehala aterako duk zuku guztia.
Orduan gogoratu nuen nola deitzen dioten Bermion titien arteko erretenari: Frantziko erreia. Ba, bertan pausatu nuen nire krema-tutua, eta, atoan, Brigitteren eskua igarri nuen Frantziko erreia estaltzen zuen tutu gero eta gogorrago hura gora eta behera astintzen, gora eta behera, gora eta behera…
Biok genbiltzan ezpain-zabalka; bioi ateratzen zitzaigun plazerezko zurrunga moduko bat. Briggiteren eskua gero eta arinago mugitzen zen; gure ahoak gero eta gehiago zabaltzen ziren; zurrungak gero eta ozenagoak ziren.
Eta orduan…
Oharra: Kaka morralean! Debekatuta egon beharko litzateke amets erotikoak horrela etetea! Nire krema, Brigitteren titietan barik, izaran sakabanatuta aurkitu dut!
Xixili Lapafresku
Iruzkinak
Utzi iruzkina: