Xarameluak (10)
Ketxusen egunkaritik
Handia da psikiatren lana! Azken batean, zer egiten dute? Atezain kuxkuxeroek ezkutuan egiten dutena, baina zure aurre-aurrean paratuta, eta, gainera, ondo kobratuta: muturra behar da gero inoren kontuak eta sekretuak entzunda bizimodua ateratzeko! Eta ez hori bakarrik: gainera, atzamarra begian sartzen dizute, galdera lotsabakoak eginez.
Egia esanda, nire errua da: inork ez dit agintzen horien kontsultara joateko. Baina zera gertatzen da, heroinak baino menpekotasun handiagoa eragiten dutela psikiatren diban horiek. Han etzanda, badirudi librea zarela edozein astakeria asmatzeko. Krimenik handiena aitortuta ere, ematen du legearen atzaparrak ez direla haraino heltzen, edo hori sinistu nahi duzu behintzat. Eta haiek ere ez dira batere errudun sentitzen galderarik lotsabakoena eginda ere. Debekatuta egon beharko litzateke inoren duintasunean muturra sartzea! Hobeto pentsatuta, benetan mingarria zera da: galdera baten bidez zure duintasun falta agerian uztea. Horretan trebeak dira psikiatrak, bai horixe!
Nirea, behintzat, ez da bertute madarikatu horretatik libratzen. Kakalardo zikinak zera galdetu zidan azkenekoan, ea zer esan zuten neskek nitaz komuneko gertakari deitoragarri hartan.
—Eta zertarako jakin behar duzu hori? Horrek zertan lagunduko nau? —galdetu nion, eta lastima orduan zigarro bat eduki ez izana, ze osterantzean gelatik ezabatuko nuen, aurpegira ke-bafada botata.
—Hori neuk erabakiko dut. Nire lana galderak egitea da, eta zurea, erantzutea.
Erantzun hori izaten da psikiatren komodina. Horrekin, dena konponduta!
Umetan, konfesatzera joaten nintzenean, ez nintzen hain txarto sentitzen. Orduan, abadeari edozer kontatuta ere, bazenekien Jaungoikoaren barkamena lortuko zenuela, nahiz eta abadeak jarritako penitentzia komunetik behera bota. Baina psikiatrak zer absoluzio eman ahal dizu? Hobeto saio bakoitzaren amaieran ordaindu beharrekoa barkatuko balit! Hori bai dela bekatu larria, hainbeste diru ordaintzea ezezagun bati komun batean zutaz zer esaten duten kontatzeagatik…
Hain interesatuta badaude zure kontu pribatuetan, zergatik mozten dizute kontsulta-ordua amaitzen denean, nahiz eta narrazioaren klimaxean egon?
—Amaitu da ordua, Arrinzueta jauna.
Erortzear dagoen boxeolaria kanpaiak salbatzen duen bezalaxe, halaxe salbatu ninduten hitz bedeinkatu haiek… Ikasle sorgintxoek komunean nitaz zer esan zuten jakin gabe geratu zen. Eskerrak!
Oharra: esan behar niona ez zitzaion batere gustatuko, alegia, andereño Karmele nirekin gustatuta zegoela; jakina, ez zitzaion gustatuko andereño Karmele nire psikiatra txit agurgarriaren emaztea baita!
Xixili Lapafresku
Iruzkinak
Utzi iruzkina: