Urratsak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2022-04-28 10:53

Egiten dugun urrats bakoitza

oina altxatuaz batera

ume abandonatua da

iragan galdu urruna.

Horrela goaz aurrera

pentsatuta gure lorratzak

betiko direla

baina beldur gara

begirada bueltatzeko

zeren atzean geratzen direnak

beti dira paisaia ezezagunak:

inperio handienen ondarea ere

hondamena da beti.

Horixe da bizitza,

irauteko nahi antzua.

 

Urratsez urrats,

indartsuak garela

esango diogu elkarri,

gure oinek mendi garaiak

konkistatuko dituzte

tontor guztiek gainbehera dutela

pentsatu gabe.

Liburuak idatziko ditugu

gure askazia betikotzeko

jakin gabe biblioteketan

ez dagoela lekurik

mediokritatea gordetzeko.

 

Eta noizbait

helduko da azken urratsa

eta bertan pausatuko dugu

gure noraeza betiko;

orduan,

jaio gabeko umeak

bezain eternoak izango gara

ahanzturaren magalean.

                                                     Ron Sniakin


Utzi iruzkina: