Tsunamia
Tsunamia kostaldera hurbiltzen ikusi genuen. Gu lasai geunden etxean hondartzara begira, izozkia patxadaz jaten genuen bitartean. Jendea ez zen arriskuaz ohartu harik eta bozgorailuetatik sirena-hotsa entzun zen arte. Orduan, denak altxatu eta lasterka hasi ziren, baina berandu zen: bazetorren olatu erraldoia.
Izuaren esku izoztuak sentitu genituen eszena ikaragarri hari begira: nola iristen zen olatutzarra hondartzara, nola irensten zuen guztia, kameleoi baten mihiaren mugimendu azkarraren erraztasunaz.
Filma izan balitz! Baina ez, gure begi txundituen aurrean gertatzen ari zen txikizioa, eta ezin genezakeen deus egin hura gelditzeko. Beraz, izozkiak miazkatzen jarraitu genuen. Nirea limoizkoa zen, eta emaztearena txokolatezkoa.
Olatuak aurrera jarraitu zuen, hondartzara begira zeuden etxeetarantz. Espantuz ikusi genuen nola hurbiltzen zen gurera. Emaztearen ideia izan zen etxea lehen lerroan erostea: gogoko zuen balkoira irten eta kresalaren freskura sentitzea. Izozkiari beste haginkada bat ematen nion momentuan jo zuen olatuak gure etxea, eta pena apur bat sentitu nuen, urte askotako oroitzapenak segundo batean deuseztatzen zirela begitandu zitzaidan.
-Zer egingo dugu orain? -galdetu nion emazteari.
Audriek erlojuari begiratu zion.
-Ni dutxara noa. Soineko berria estreinatu behar dut gaur.
Turandot ikustekoak ginen gauean, eta emazteak lagunak txunditu nahi zituen.
-Audrie, ez nizun hori galdetu nahi. Ikusi duzu zer gertatu den? Etxea hondatuta geratu da, eta zu soinekoaz ari zara pentsatzen?
Emazteak besoak altxatu zituen. Bere ohiko keinua zen egoera deserosoak uxatzeko.
Altxatu eta dutxara joan zen.
Nahasirik nengoen. Tsunamiak eragindako txikizioa erabatekoa zen, eta bazirudien Audrieri hori bost eta erdi axola zitzaiola.
Baina agian arrazoi zuen: zertarako da dirua gastatzeko ez bada? Beraz, biharamunean bertan beste etxe baten bila hasiko nintzen, leku seguruago batean.
Nagia astindu eta altxatu egin nintzen. Urdaila endredatuta igarri nuen, tsunamiaren irudi bortitzek eraginda akaso, eta telebista amatatu nuen.
Gaur egun abantaila (desabantaila?) hori daukagu: munduaren beste muturrean gertatzen direnak zuzenean ikus ditzakegu, New Yorkeko dorre bikien aurkako erasoa ikusi genuen bezala. Baina, ehunka kilometrora egon arren, nork esan zezakeen egun hartan ikusiko genuela nola suntsitzen zen gure etxea izozkia lasai-lasai jaten genuen bitartean, zeri eta balkoian jarri genuen kamerari esker?
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: