Salbatzaileak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2024-01-05 19:21

-Gure aberriaren etorkizuna arriskuan dago! -esan zien elizaren aurrean bilduei iluntzero arrosarioa megafono batez lagunduta errezatzeko buruzagitza zuen ultrakatolikoak.

Hotz handia egiten zuen, baina akelarre erlijioso haren gidariak sutsuki hitz egiten zuen, Jaungoikoaren sasia erraietan erretzen izango balu bezala. Megafonoa ezpainen aurrean jarri, eta, inguruan zuen tropa eskastua adoretzeko, egunero errepikatzen zuen kontsigna bota zuen:

-Gure aberria salbatuko bada, gure otoitzei esker izango da!

 Fededun integristek banderak altxatu zituzten, Jaungoikoaren arreta erakartzeko agian, eta belauniko jarri ziren, elizatik parroko federasta (erran nahi baita fedea edonoren uzkitik sartzeko prest zegoen bortxatzaile nazkantea) bedeinkazioa ematera atera baitzen.

Gero, gaztetan musika-eskolatik bota zuten ustezko soprano bat latinezko kanta bat hasi zen abesten (edo). Eliza aurrean bilduek, abestiari barik, eszena sasimistiko hari egiten zioten jaramon, telefono mugikorrez antzerki zaharmindu hura grabatuz, Shakiraren kontzertu batean egongo balira legez.

 Abestia amaituta, arrosarioa errezatzen hasi ziren. Ikustekoa zen han bildutakoen piura: gaitza zen asmatzen Buñuelen film bateko pertsonaiak ziren ala Torrenteren azken barrakeriatik ihes egindako zoro-aldra.

Arrosarioaren misterioetan aurrera egin ahala, otoizlariak halako trantze batean sartzen joan ziren, ezin jakin egiten zuen hotzagatik ala parrokoak astindu zuen bigarren eskuko mikrobotafumeiroaren graziagatik, zeina Amazonen erosi baitzuen erdi prezioan.

Mikrobotafumeiroaren harat-honatek haxix-lurrina zabaldu zuten inguru guztian, halako moldez non otoizlariak, eskuak goraturik, Jaungoikoaren intseminazio izpiritualaz blaitzeko maneatu baitziren.

Eta bai, halaxe gertatu zen: zerutik zerbait hasi zen jausten, baina ez prezeski Jaungoikoaren hazia, ezpada ze krokodilo-zaparrada erraldoi bat.

Zergatik, eta otoizlariek Jaungoikoa siestan harrapatu baitzuten, eta ziplo iratzarri. Eta, Biblian Jaungoikoaren lo-haserreaz deus adierazten ez den arren, esan beharra dago Jaungoikoa ezerk ateratzen badu bere onetik, norbaitek haren lo gozotik bortxaz ateratzea dela.

Ikusi zuenean jarraitzaile ultrakatoliko astun haiek zirela errudunak, gozoa jarri zen.

-Orain jakingo dute kanpoeder ergel horiek zer egiten dudan nire borlak ukitzen ausartzen direnekin!

Eta, ez bat ez bi, ordenagailua piztu eta, izurrien karpeta zabalduta, krokodiloen fitxategia aukeratu zuen.

Emaitza ikusgarria izan zen: denbora laburrean krokodiloak ederto potolotu ziren otoizlarien kontura, endemas, Gabonak izaki, turroi eta polboroi gaindosiz gizenduak baitzeuden.

Azkenean, oturuntza amaiturik, krokodiloek lurrean botata geratu ziren banderen gainean egin zuten kaka, eta bi koloreko bandera haiek kolore bakarrera mudatu ziren.

Hala gertatu zen ustezko salbatzaileek nola amaitu zuten haien existentzia krokodilo-kaka bihurturik. 

Lezioa ikasita, harrezkero belenetan astoa eta behiaren lekuan krokodilo bi jartzen dituzte katolikoek, eta isil-isilik egiten dute otoitz, Jaungoikoa ez iratzartzeko.

Kapez Kap


Utzi iruzkina: