Pilar
Atzo hiru urte joan zitzaigun ama. Joan esaten dugu hil ez esateko: berba batzuk zaurgarriegiak dira. Eufemismoen gozotasuna bilatzen dugu horrelakoetan. Euskaraz eufemismo ederra dugu hiltzea adierazteko: zendu. Hiltzeaz batera iragan bihurtzen gara.
Heriotza, betiko atsedena. Benetan? Atseden hartzeko, nekea behar da. Zer neke dago baina heriotzan? Bizitzan pilatu dugun guztia?
Kanposantuan egin genion azken agurra. Hantxe zegoen, hilkutxa barruan atseden hartzen, bizitzan pilatutako neke guztiak atzean utzita: umetan etxetik alde egin beharra, gerratik ihesi; hamabost urterekin neskame ibili beharra, hamasei urte zituela esanda; ezkondu eta bata bestearen atzetik hiru alabaren heriotzak ematen duen nekea eta tristura eraman beharra... Eta, hala ere, indarra izan zuen beste ume bi munduratzeko. Horri esker gara oraina, iragan bihurtu arte behintzat.
Hilkutxa barruan, begiak itxita, goxo-goxo zegoen, esanaz bezala: "Hauxe lasaitasuna, heriotza osoa daukat isiltasuna dastatzeko". Zeren bizitza zarata da. Heriotza, isiltasuna. Horregatik diogu beldur, segurutik.
Abadeak galdetu zien ilobei ea zer gogoratzen zuten amamaz. Garbiñek zera erantzun zion: "garbantzuak". Denok egin genuen irribarre. Harrezkero, garbantzuak jaten ditudanean, ama gogoratzen dut, eta Garbiñe.
Hiru urte pasatu dira. Denbora luzeegia da isiltasuna entzuten egoteko?
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: