Oparia
Bigarren eskuko koltxoia erosi nuen atzo Wallapop bidez. Erdi prezioan lortu nuen, eta jabeak esan zidan koltxoiarekin batera opari bat jasoko nuela.
Gaur arrastian heldu da. Txirrina entzun, atea zabaldu eta... laurogei bat urteko gizonezkoa ikusi dut. Harritu egin naiz: maleta batekin dator, eta txabusina eta txinalak dakartza jantzita.
-Lasai, eskaileretan gora dakarte koltxoia -esan dit, ni lasaitzearren.
Laster agertu dira garraiolariak, izerdi patsetan. Logelaraino gidatu ditut. Gero, eskupekoa eman diet, eta, gutxi iritzita edo, ia agurrik esan gabe alde egin dute.
-Tori, hau zuretzat da -esan dit gizonezkoak, txabusina erantziaz batera. Azpìan pijama marraduna du jantzita.
Gutunazala ireki eta eskutitz laburra irakurri dut:
"Andere hori: aurrean duzun gizonezko hori nire aitaginarreba da. Saldu dizudan koltxoian lo egiten izan du, eta, esan diodanean saldu behar nuela, haserretu egin zait. Esan dit bera koltxoiarekin batera joango dela, emaztea bertan hil zitzaiola eta koltxoia dela emaztearekin duen lotura bakarra.
Ezin izan diot ideia hori burutik kendu. Heriotzari koltxoi horretan itxarongo diola, horixe esan dit behin eta berriz. Beraz, hor doakizu aitaginarreba koltxoiarekin batera. Zure lasaitasunerako, esan behar dizut oso isila dela, ia ez duzu igarriko etxean dagoela, eta, gainera, oso gutxi jaten du. Hori bai, lotan zurrunga egiten du. Ezko-tapoi batzuk erostea gomendatzen dizut."
Gutuna irakurrita, logelara bueltatu naiz. Gizonezkoa koltxoian etzanda aurkitu dut, lotan. Eta bai: zurrunga egiten du, hormako koadroak ere dardarka jartzeko moduan.
Haren ondoan etzan naiz, koltxoia probatzeko. Erosoa iruditu zait. Hain erosoa, ze begiak zarratzen hasi zaizkit. Ametsen olatuak sumatu ditut, eta horien artetik, alboko gizonaren ahots goxoa entzun dut, xuxurlaka, bekokian muin egiten zidala:
-Egin lo, Margari, berriro gaude elkarrekin.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: