Ongi eTOURri

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-06-27 09:52

Ajurianean batzartuta dago krisi-gabinetea. Egun gutxi falta dira Tourra hasteko, eta Ertzainas en lucha kolektiboaren mehatxua inoiz baino errealagoa da: haien eskakizunak onartu ezean, Tourrik ez dela egongo ziurtatu dute. 

-Barregarri geratuko gara munduaren aurrean -kexatu da lehendakaria, mukizapiaz bekokiko izerdia lehortuz. -Ea, inork badu buruhauste honetarako konponbiderik?

Batzartutakoek elkarri begiratu diote, baina inork ez du murtik ere esan, harik eta Euskara Sustatzeko zuzendariak, zein mahai luzeari erantsita dagoen ikasmahai batean jarrita baitago, kolkorako hitz eginez bezala zera esan duen arte:

-Burkideok, zera... para que me entiendan todos los presentes hablaré en castellano. Lo que yo personalmente en persona pienso o cavilo es de que...

-Eskerrik asko, zuzendari jauna -moztu dio lehendakariak, zakar, oso ondo ezagutzen baitu zuzendari horrek diskurtso hanpatuak egiteko duen jaugin jasanezina. -Ea, beste ekarpenik?

Isiltasuna bueltaka dabil bilduen buruen gainetik, sai gosebera baten antzera.

-Tira, Segurtasuneko sailburu jauna, zertan da ertzain horiekiko negoziazioa?

-Ba, lehendakari jauna, ez nago seguru. Haien xantaiari men egiten badiogu, gero Osakidetzako langileak etorriko dira, eta haien ostean beste funtzionario guztiak. Hondamendia izango litzateke...

Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak atzamarra altxatu du.

-Jaun-andreok, Tourra Abiadura Handiko Trenaren bidetik joatea proposatzen dut.

-Zer diozu, sustantziabako horrek? AHTa amaitu barik dago eta!

-Horrexegatik, lehendakari jauna. Txirrindulari guztiak amaitu bako biadukturen batetik jausiko dira, eta horrela mundu osoan bistaratuko dugu Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura amaitzeko dugun beharra, eta Paris eta Madrilekiko lotura gauzatzekoa.

-Egia esan Parisek eta Madrilek ondo lotuta gauzkate, kabroi halakoek -gaineratu du lehendakariak, gogoratuta txakur-kakaren pare tratatzen dutela hango agintariek.

Azpiegitura eta Garraio sailburuordearen proposamenak eta lehendakariaren iruzkinak sortutako zarabanda eten nahian, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua besaulkitik altxatu da eta, espantu handiak eginez, bere iritzia bota du:

-Ene uste epelean, erraza da konponbidea: Tourreko etapen ibilbidea murriztu beharra dago, eta udalerri barruetara mugatu. Horrela, ertzainak barik, udaltzainak arduratuko dira segurtasunaz. Lehen etapa, adibidez, Done  Mamin hasiko litzateke, eta...

PPren begiraleak zakar eten dio.

-¡Quieto parao! ¿Qué ostias es eso de Done Mami?

-Barka biezaio berorrek -desenkusatu da lehendakaria. -Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu jauna ultrasabinista da, eta batzuetan Sabinoren elatzak (barka beza berorrek, neologismoak esan nahi dut) erabiltzen ditu.

Entzungailuari adi geratu da PPko begiralea, eta ados dagoela esan du, Done Mamik San Mames esan nahi duela argitu dionean itzultzaileak. Lehendakariak jarraitzeko agindu dio sailburuari, baina sabinkeriak ez erabiltzeko.

-Esan dudanez, Done Mamiko... zera, San Mamesko zelaian hasiko litzateke etapa, eta, On Diego Lopez Haroko kale nagusian gora eta behera ibiliko litzateke (bide batez, kalea apaintzeko, gabonetako eskekigailuak jar genitzake). Amaitu, berriz, Guggenheim eraikinaren barruan amaituko litzateke, Richard Serraren eskulturaren barrualdean zehatzago esanda. Horrela, mundu guztiak ikusiko ditu gure denda dotoreak eta museoa barrutik, eta turista uholdea esponentzialki handituko da. Eta ia ahaztu zait: Los Cinco Bilbaínosen emanaldiarekin biribilduko genuke sariak emateko ekitaldia. 

 -Eta bigarren eta hirugarren etapak? -galdetu du lehendakariak, kokotsean pilatutako dudak eskuaz igurtziz.

-Bigarrena kronoigoera izango litzateke, Gaztelugatxeko San Joan baselizaraino. Denok dakizuenez, Eusko Jaurlaritzak Guggenheim II eraikitzeko asmo sendoa du, baina, beronen kokapenaz sakon hausnartu ondoren, zera erabaki dugu, Gaztelugatxe uhartea barrutik hustea, Txillidak Tindaya mendian egin nahi izan zuen moduan, eta hantxe eraikitzea Guggenheim IIa. Hain zuzen ere, kronoigoera hasi baino lehen, Tourreko zuzendaria arduratuko litzateke, zurekin batera lehendakari jauna, zulaketako lehen lur palakadak egiten. Jakina, gurutzaontzientzako terminal bat ere eraiki beharko genuke uhartearen ondoan, turistak zuzenean pasa daitezen gurutzaontzietatik uharte barrura.

-Eta hirugarren etapa? -galdetu du lehendakariak, jakin-minak erreta.

-Gure sukaldaritzari omen egiteko, Basque Culinary Center aukeratu beharko genuke. Eraikinaren inguruan izango litzateke etapa, eta anoaz gure sukaldari mitxelindunak arduratuko lirateke. Mundu guztiak etorri nahiko du gure gastronomia dastatzera!

Industria sailburuordea pipertuta altxatu da besaulkitik.

 -Gogaitu naiz gangarkeriak entzuten! Ondo dago turismoa sustatzea, baina zer diostazue industriaz? Hori ere erakutsi behar diogu munduari!

-Zer proposatzen duzu zehazki? -galdetu dio lehendakariak, kokotsa behin eta berriro igurtziz.

-Lehendakari jauna, zera proposatu nahi dut: Tourra Petronorren findegian hastea, gauez. Horrela, mundu guztiak ikusiko du gure tximinietatik ateratzen den sua, eta, auskalo, noizbait olinpiadak bertan egitea eskatu beharko genuke. Tximinia altuenean jarriko genuke suontzi olinpikoa.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde andreak purrustaka eten dio:

-Txakurraren putza! Hori petrolioaren apologia izango litzateke! Zer irudi eman nahi diozu munduari? Herri atzeratua eta kutsatua garela? Ez horixe! Munduari erakutsi behar diogu ingurumena zaintzen dugula.

-Hortaz, sailburuorde andrea, zer ibilbide proposatzen duzu?

-Ba, gure lurraldearen edertasunak erakutsi beharko genituzke. Beraz...

Sailburuorde andrea pentsakor geratu da, edertasun horiek gogoratu nahian, eta, azkenean, etsituta lez, zera gehitu du:

-Bat ere ez. Gehiago esango dut: Tourrak eragingo duen zikinkeria saihesteko, antolatzaileak atxilotzea eta epaitzea proposatzen dut.

 -Badakizu zer esaten ari zaren? -galdetu dio Justizia sailburuordeak. -Ingurumen Jasangarritasunaren izenean, ingurumena jasanezin bihurtuko litzateke, hainbeste pertsona epaitzeak eragingo lituzkeen izapide amaiezinak oihanbete paperen beharra ekarriko luke eta. Eta dagoeneko gure epaitegietako artxiboak espedientez eta paper-sortaz gonburu daude! Zortziehun Omako baso beharko genituzke zuk proposatzen duzuna gauzatzeko...

Lurralde Plangintzako sailburuak hartu du hitza jarraian.

-Badakit nire proposamenak eztabaida sortuko duela, baina uste dut Tourraren etorrera baliatu behar dugula munduari jakinarazteko zein diren gure lurralde-erreklamazioak. Zeren, konturatu zarete zer irudi duen gure lurralde autonomoak? Kulero batena! Eta akabua: zulo handi bat du hortxe, erditik behera!

-Zer jaungoiko zabiltza esaten? -galdetu dio lehendakariak, gura barik aitaren eginez, Drakula bera agertu balitzaio legez.

-Trebiñuz ari naiz, jaun-andreok! Munduari gure postal politak erakutsita geure burua engainatzen gabiltza. Denek jakin beharko lukete Trebiñuren jabetza eskatzen dugula, eta Tourra abagune ezin hobea da horretarako.

-Baina... Trebiñu beste autonomia baten zatia da! Baimena eskatu beharko genuke.

-Lehendakari jauna, ausartak izateko unea da. Tourra hara desbideratuz gero, Gaztela eta Leongo agintariak ezustean harrapatuko genituzke, eta, nahasmena baliatuz, Berrozi Berezi Taldeak okupatuko luke hango lurraldea. Xake mate!

 -Aski da lelokeriarik! -lehertu da lehendakaria. -Ertzaintzaren zuzendari andrea, zer proposatzen duzu zuk?

-Ertzain errebelde horiek jipoitzea, lehendakari jauna. Makila-salda galanta merezi dute! Hain zuzen ere, ezker abertzaleko muturreko militanteak aukeratuko nituzke, zipaioak egurtzeko irrikaz daudenak, eta Ertzainas en lucha mugimenduko alproja horiek beste kontzentrazio bat deitzen dutenean, jo eta erraiak ateratzeko aginduko diet. Seguru nago ez dutela errukirik izango.

-Ertzaintzaren ankerkeria maila ez da hain erraz lortzen, Ertzaintzaren zuzendari andrea. Entrenatu beharko genituzke, ez duzu uste?

-Bai horixe, lehendakari jauna. Pentsatu dut horretan ere. Badut entrenatzailearen izena. Egundoko fitxaketa izango da!

-Esan ba! Kirioak lehertu aginean ditut!

-Yevgueni Prigozhin, Wagner taldearen buruzagia. Errusiatik alde egin duenetik, libre dago. Duda barik, aproposena da Ertzaintzaren buru izateko. Haren prestakuntza eta baliabideak lagun, di-da baten egongo dira prest ezker abertzaleko militante muturrekoenak. Horiexekin egingo dugu ertzaintza berri gorria. Edo agian ubela esan beharko nuke, zeren sasiertzain grebalari horiek ubelunez beteko dituzte!

Batzartutako guztiak zutundu eta txaloka hasi dira. Ez dago bueltarik: proposamen hori nagusitu da. Baina ez horrekin ados daudelako: batzarra gehiegi luzatu da, eta, telebistan Espainiako selekzioaren partida ematen dutenez, denak ari dira erlojuari begira, batzarra noiz amaituko.

Auskalo zer gertatuko den Tourraren hasierarekin. Bilbo tankez beteta topatzen baduzue, egiaztatuta geratuko da Prigozhin dela Ertzaintzaren entrenatzaile berria eta tankeen tripetan ezker abertzaleko muturreko militanteek eskuak libre izango dituztela azkenean mendeku hartzeko.

 

Bernardo Kapanaga

 

 

 

 

 

 


Utzi iruzkina: