Mugarik Gabeko Mugazainak
Munduko mugazainen elkarteak, bere azken batzarrean, gobernuz kanpoko erakundea sortzea erabaki zuen: Mugarik Gabeko Mugazainak (MGM). Munduko liskarrak konpontzeko asmoarekin, istilu eta gatazkak zeuden txoko guztietara hasi ziren joaten, eta borrokan zirenen artean kokatzen ziren.
-Hemen muga bat jarri dugu. Ea, paperak! -esaten zieten liskartiei, eta egundoko traba burokratikoak jartzen zizkieten.
-Horrela ez dago borrokatzerik! -kexatzen ziren liskartiak, eta, etsiturik, nor bere etxera joaten zen.
Mugarik Gabeko Mugazainen ekimena arrakastatsua izan zen: denbora laburrean, munduko gatazka guztiak amaitu ziren. Horrek sutan jarri zituen arma-ekoizleak. Munduko gobernuak presionatu zituzten gobernuz kanpoko erakunde arriskutsu hura legez kanpo uzteko.
Hala egin zuten: mugazain guztiak atxilotu eta kohete batean bidali zituzten espazio mugagabera.
Orain ez dago munduko mugak zainduko dituenik, eta, kontrolik ezean, edonon pizten dira gerrak, arma-ekoizleen pozerako. Suntsipen erabatekora kondenatuta gaude, baina badago notizia on bat: mundutarrek elkar hiltzen dutenean, sikieran ere Mugarik Gabeko Mugazainak geratuko dira espazio mugagabean, estralurtarrei kontatzeko zer gertatu zen Lur planetan.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: