Motxila zaharra
Emazteak atearen ondoan utzi zidan motxila zaharra.
-Bota edukiontzira. Maiztuta dago.
Aditz hori gustatzen zait: maiztu. Aitortu behar dut oso irizpide desberdinak ditugula maizteari buruz. Nirea askoz laxoagoa da, jakina. Niretzat oraindik erabilgarria dena harentzat piltzarra da. Azkenean, gure arteko ika-mikak beti amaitzen dira modu berean: atearen ondoan jartzen dituenak ezbairik gabe bota beharreko zirtzilak dira.
-Ados, banoa motxila botatzera -erantzun nion.
Horixe da gure ika-mika guztien azken hitza. Ze hori bai, azken hitza beti da nirea: ados.
Hala ere, edukiontzira joan beharrean, Correosen bulegorantz abiatu nintzen. Nire belarriaren ezkerraldean xuxurlaka aritzen zaidan deabrutxoak esaten zidan motxila posta bidez bidaltzeko etxera, norbaitek egindako oparia izango balitz lez. Eta opariak botatzea ez denez politikoki zuzena, aitzakia perfektua izango nuke nire motxila kuttuna erabiltzen jarraitzeko.
Baina eskumaldeko belarriko aingerutxoak, ahots apalagoz, zera esan zidan:
-Memelo galanta eginda zaude! Opariaren ideia umekeria hutsa da eta! Emazteak motxila bueltan ikusten badu, haserretu egingo zaizu.
Nori egin jaramon, deabrutxoari ala aingerutxoari?
Zer egin erabaki ezinda, aholku eske edo, gora begiratu nuen, eta handik goitik agindu bibliko antzeko bat zetorkidala begitandu zitzaidan, bulegoko kartelari begira: CORREOS.
Jakituria-isuri moduko bat sentitu nuen nire barnean, trantze mistiko bat, eta, egoera atsegingarri hartan nengoela, eskeko hura ikusi nuen, nigandik bost metrora, bulegoaren kanpoaldeko arkupeetan kartoien artean etzanda, alboan zuen irrati txikitik ateratzen zen musikari adi. Harengana hurbildu eta motxila eman nion.
-Autso, zaharra da baina erabiltzeko moduan dago hondinokarren.
-Orduan, ni bezalakoa da -erantzun zidan eskekoak, eskertuta.
Irribarretsu heldu nintzen etxera, eta emaztea besarkatu nuen, blaitzen ninduen alegrantziaz horditurik. Ororen gainetik, nire motxila zaharra salbu zegoen, eta egun hartatik aurrera nire ohiko ibilbidea aldatzeko erabakia hartu nuen: Correosen arkupeetatik pasatuko nintzen, eta, disimuluz, nire motxila zaharrari begiratuko nion, pozarren.
Egunak pasatu ziren, baita asteak ere. Eta, halako batean, heldu zen nire bizimodua aldatuko zuen eguna: Gabonetako loteriaren zozketarena. Nik beti esan dut loteria engainua dela, sistemak gurekin erabiltzen duen trikimailua arreta gauza garrantzitsuenetan jar ez dezagun. Loteria eta kirola, hortxe gure garaiko distrakzioak iraultzak egiteko gogoa itzaltzeko.
Komunetik eguneko lehen txiza-parrastada botatzetik nentorrela, tiro baten moduan desarratu zidan galdera emazteak:
-Non gorde zenuen dezimoa?
-Ze dezimo?
-Guadalupen erosi genuena, zein izango da!
Nik sekula ez ditut gordetzen gauza inportanteak. Nire poltsikoak arakatuz gero, ezerezkeriak topatuko dituzue: paperezko zapi zimurtuak, zotz erabiliak, egunkarien denborapasa-orriak (sudokuzale amorratua naiz) eta halakoak.
-Ideiarik ere ez! Seguru zuk gorde zenuela, nik ez dut loteriarik erosten.
-Dezimoa nik erosi nuen, bai, baina gordetzera noala telefonoz deitu zidaten eta zuri eman nizun. Oso ondo gogoratzen dut!
-Ba, zera, diruzorroan gordeko nuen.
Goitik behera arakatu nuen: behin, birritan, hirutan. Ezer ez. Gero nire musika-gelako mahai gaineko nahaspila nahaspilatu nuen, zorioneko dezimoaren bila. Ezer ez.
-Ondo aztertu duzu horroreen museoa? -galdetu zidan emazteak erosketak egitetik etorri zenean.
Halaxe deitzen zion nire musika-gelari. Diogenesen gaztelua ere esaten zion, emaztea haserretzen zenean bertan gotortzen nintzen eta. Ez dut besterik esan behar imajina dezazuen nolako egoeran zegoen. Baina ni zoriontsua nintzen anabasa hartan. Azken batean, musika-gela nire babeslekua zen, arriskua somatzen duenean barraskiloa ezkutatzen den oskola.
Estatistikara jo nuen dezimoarena arazo larria ez zela zuritzeko.
-Nonbait irakurri dut loterian zerbait irabazteko probabilitatea % 0,019 dela. Eta lehen saria irabaztekoa, % 0,001.
-Ba egin otoitz 0,001 hori gure dezimoarena ez izateko, ezpabere zureak egin du.
Ondo gogoratzen naiz orduaz: goizeko hamaikak eta berrogeita zortzian atera zen sari nagusia. Guadalupen saldua, osorik. Ederra jarri zitzaidan emaztea. Horroreen museora bidali ninduen, eskuan euliak hiltzekoa zuela.
-Eta ez irten handik harik eta dezimoa topatu arte!
Orduak eman nituen dezimoaren bila. Banan-banan miatu nituen poltsa guztiak. Eta poltsa bakoitzean, galbidea. Adibidez, kontzertuetako sarrerak gordetzen nituena zulo beltza bilakatu zitzaidan: Roxy Music eta King Crimson taldeek Donostiako belodromoan jo zutenekoari begira, burua oroitzapenetan galdu zitzaidan. Sarrera hari begira, berehala ahaztu zitzaidan zeren bila nenbilen. Eskerrak lantzean behin emaztearen orroak heltzen zitzaizkidan, nire oroitzapenen lotalditik iratzartzeko.
Eta, bat-batean, dena argi ikusi nuen: mendi-buelta egitetik gentozen emaztea dezimoa erostera sartu zenean. Hortaz, diruzorroan gorde barik, motxilaren barruko poltsikoan gordeko nuen! Mo... txi.. lan!
Haizean atera nintzen etxetik. Motxila berreskuratu beharra nuen, osterantzean euli baten moduan akabatuko ninduen emazteak. Arkupeetara iritsita, jabe barik aurkitu nituen hango kartoiak. Correoseko atearen kanpoaldean zeuden emakume batzuengana hurbildu nintzen.
-Barkatu, ikusi duzue hor egoten den eskekoa?
-Horretaz ari ginen. Goiz erdian edo ikusi du Irenek, nire azpian bizi denak, esku batean irratia eta bestean loteriako dezimo bat, saltoka eta irrintzika. Zoroen moduan joan da, lehen saria tokatu zaiola esanda. Holakorik!
Emaztearen ahotsaren oihartzuna heldu zitzaidan: zureak egin du, zureak egin du, zureak egin du...
Hiltzera abiatzen den elefantearen ibileraz heldu nintzen eskekoaren kartoien artera, eta bertan etzan nintzen, akiturik. Izkina batean aurkitu nuen nire motxila zaharra. Besoen artean hartu nuen, galdutako umea aurkitzen duen aitaren grinaz. Bost axola zitzaidan ezagunen batek ni egoera tamalgarri hartan ikustea: egundo sentitu gabeko bakea jabetu zen nitaz, buruko min eta ardura guztiak airean xaboi-burbuilak legetxe desegiten zitzaizkidala konturatuta.
Eta eskekoa bedeinkatu nuen haren lekua uzteagatik. Poltsaz betetako horroreen museoa amesgaizto urrun bat iruditu zitzaidan: benetako aberastasuna ezer ez edukitzea zen.
Orain nire mundua kartoi hauek dira. Eta gauean, nire bakartasunaren bakean, pentsatzen dut ez dagoela zoriontsuagoa izaterik.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: