Mosen Bernart Etxepareren espetxealdia

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-02-17 10:45

Amoretan plazer baten mila dira dolore

 

Sarako kobazuloa bisitatzen ari zela, Basilio Zabala, Mungia inguruko uztarri-egilea, konortegabetu egin zen. Berez memoria eskasa bazuen ere —bere izenaren lehen silaba gogoratzen zuen, egunik onenetan—, konortea galduta ikusi eta entzun zuen oro azken hatsa egin arte gogoratuko zuela esan ohi zuen, xehetasun ttipietaraino gogoratu ere.

Trantze hartan bizitakoak ez zizkion inori ere kontatu baina, zorotzat hartuko zutelakoan. Soilik baserriko kortan zegoela ausartzen zen misterio haren berri ematera, lar handia baitzen pertsona batek gordetzeko. Nori kontatu, eta munduan harentzat ziren izaki inportanteenei: bere idi pareari. Kontua da neu ere hantxe bizi nintzela, garai hartan ohitura baitzen familiako atzeratuak auzokoen ezaupidetik ezkutatu eta baserriko ilunpeetara kondenatzea. Horrela, istorio berbera entzunaren entzunaz, neu bizitakoa balitz bezala konta dezaket gure aitari Sarako kobazulo hartan gertatu zitzaiona.

Egia esan, miraritzat hartu zuen agerkunde hura pate eta pastis toxikatzearen ondorena baino ez zen izan, gure aitak sekula ez baitu neurririk izan jan-edanarekin. Kontua da Bernart Etxepare agertu zitzaiola, haitzuloaren gorune batean eskegita legez, eta euskal literaturaren misterio handienetako bat argitu ziola, bere espetxeratzearen arrazoia, hain zuzen ere.

Esan zionez, nazkatuta zegoen euskal literaturako historia liburuetan ematen ziren teoriez, eta beragatik balitz egile horien guztien hesteak patatekin jango lituzke. Izan ere, ez zuten espetxeratu poema lizunak idazteagatik, ez horixe! Hori uste zuten literatur kritikariak satorrak baino itsu eta ezjakinagoak ziren. Eta arrazoi politikoengatik kartzelaratu zutela ziotenak are maltzur eta faltsuagoak ziren. Bera Gaztelaren aldekoa? Kia! Irain handiagorik! “Orain biziko banintz —esan ei zion gure aitari— eta basoan gordeleku bat edirenen banu, sosez eta armaz hornitua, sosa utzi eta armak hartuko nituzke!”

Gezurrekin kokoteraino zegoenez, bere espetxeratzearen benetako arrazoia argitzea deliberatu zuen. Nori, eta gure aita mozkortuari! Hain zuzen ere, hauxe gertatu zen:

Mosen Bernart, gaztarotik gehiago, grina baten mende bizi zen: emakume jantziak maite zituen. Guztien ezkutuan, bere etxeko logelan, gau guztietan janzten zituen han-hemenka lortutako andrazkoen arropak: prakak, bularretakoak, galtzerdiak, zaiazpikoak, gonak, gerruntzeak, mantarrak, buruko zapiak... Ispiluaren aurrean jarrita, ezin pinpirinago ikusten zuen irudi hura, halako moldez ze maitemindu egin zen miraileko kreatura hartaz. Gauero errepikatzen zuen zeremonia hark bazuen hilean behin une gorena: ilbetearekin batera hilekoa izaten zuen. Sastakai zorrotz batez ebaki txiki bat egiten zuen barrabil eta uzkiaren arteko tarte horretan, eta ispiluaren aurrean paratuta prakak odolez tindatzen ikusten zuen. Ez zegoen ezer zirraragarriagorik munduan, odol jario hura gurtzea baino!

Denbora pasatu ahala grina hura amesgaizto bihurtu zitzaion. Ezin zuen inola ere ispiluko andere xarmangarri hura eskuratu, ezin haragizko orritsari bide eman, eta gainera bihotz-zimikoek ere eraso egiten zioten, erretorea izanda halako sukar lizuna izatea ezin zuen onartu. Sukar horrexek bultzatu zuen maitasunezko poema haiek idaztera, eta haietako batzuk liburuan sartzeko ausardia ere izan zuen. “Elas, ene amoria, nola nuzun penatzen, zurekilan ezin bathuz bihotzian erratzen; ene gaizki penatzeko segur sorthu zinaden; penak oro hon lirate, zu bazina orhitzen” idatzi zuenean ispiluko andere eder hura zuen gogoan!

Era askotan saiatu zen grina hura uxatzen: zartailua, asunak, bainu hotzak... Sainduen bizitzak ere irakurri zituen, baina martirio guztiak alferrik ziren. Egun batean argia ikusi zuen arte: mistikan bilatuko zuen ihesbidea. Lurkeriak ahaztu behar zituen, izpirituaren gardentasuna erdietsi. Hasteko, janaria murriztu zuen. Ortuariak eta fruta besterik ez zuen jango. Aste gutxiren buruan bere urdail zimurtuak ur bedeinkatua baino ez zuen onartzen. Araztasun osoa nahi zuen baina, erabateko garbitasuna, eta Jaungoikoaren baitaratzeko ez zitzaion ezer hoberik otu Ogi Deunen ontzi sakratua hutsitzea baino. Kristoren gorputza? Amen! Kristoren gorputza? Amen! Kristoren gorputza? Amen! errepikatu zuen ostia bakoitza jateaz batera. Ehun eta gehiago jan zituen.

Betekada mistiko hark estasira eraman zuen. Begiak zuri-zuri zituela airean legez sentitu zuen bere burua, barne indar batek logelara gidatu zuen, mirail madarikatu haren aurrera. Sastakaia igarri zuen bere eskuan, baina ez zuen ohi bezala hankartera zuzendu, ispiluan harrapatuta zegoen andere harengana baino, gorrotoz jo zuen behin, birritan, hirutan... Kristal hautsiaren hotsa entzun zuen; gero ezer ez, bakea.

Sakristauaren garrasiek iratzarri zuten. Orduan ikusi zuenak laborriz bete zion bihotza: sotana odolez beterik zuen, eta sastakaia oraindino eskuan. Beraren ondoan, ispiluko anderearen gorpua zetzan, sakailaz josita.

Epaiketan ezin izan zuen bere burua zuritu. Nork sinetsiko zion? Nahiago izan zuen egia isildu eta kartzelaren ilunpeetan ito.

Mosen Bernart agertu bezala ezkutatu zen, eta gure aita, Basilio Zabala tripontzia, bere senera etorri zen. Badakizue, hortaz, nola espetxeratu zuten Etxepare koitadua. Eta sinesten ez badidazue, bilatu egizue Mungia inguruetan gure baserria, eta hortxe aurkituko nauzue, kortaren iluntasunean, ni, Basilio Zabala junior, Eiheralarreko erretorea ez bezala ez bainaute egundo ere askatu.

Baina ez iezadazue itaundu nola lortu zuen kartzelatik irtetea, sekretu hori berarekin gorde baitzuen Mosen Bernartek.

 

Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: