Mazedonia elektronikoa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-08-19 10:33

Liburu elektronikoa abian jarri nuenean, ezustekoa hartu nuen. Hiru liburu nenbilen aldi berean irakurtzen, eta hara: pertsonaiak liburu batetik bestera pasatu ziren, bat-batean birus elektroniko batek hiru liburuak nahasi eta halako mazedonia bat egin balu bezala.

Harriturik barneratu nintzen mazedonia hartan: Haur besoetakoa eleberriko protagonista, amets nahasi baten ostean, konturatu zen ezin zela ohetik altxatu, zomorro bihurtuta ikusi baitzuen bere burua. Ikaratuta, Theresari deitu zion, baina, logelako atea zabaldu zenean, neskatoa agertu beharrean HAL 9000 konputagailua ikusi zuen, eta haren arrain-begi gorriarekin maitemindurik geratu zen. Baina, hara: konputagailuaren atzetik emaztegai Isabela ikusi zuen, jelosiaz leherturik, bat-bateko maitasun debekatu hartaz konturatua baitzen. Ohean zetzan zomorroari erlazio hura bertan behera uzteko agindu zion, osterantzean halabeharrez aterako zutela etxetik konputagailua. 

Eleberrien arteko nahastura hark ikaraturik, liburu elektronikoa amatatzen saiatu nintzen, baina botoia ez zebilen, HAL 9000 konputagailuak nire asmoa irakurri eta liburuaren agintea hartu balu bezala. Eta hara: auskalo nola, zomorroa zetzan ohean etzanda ikusi nuen neure burua, eta intsektuaren hankak sentitu nituen saman, gero eta estuago, gero eta estuago. Zorabiaturik, kolorez eta forma psikodelikoz betetako putzu sakon batean jausten sentitu nintzen, espazio-bidaia ero batean bezala, harik eta gela distiratsu batean agertu nintzen arte.

Ohe handi bat zegoen gelaren erdian, eta bertan nengoen, lo. Itzartu nintzen halako batean, eta, bidaia luze batek eragiten duen nekeaz, kostata altxatu nintzen. Ispilu bat ikusi nuen gelan. Bertara joan nintzen, eta hantxe, ispiluan niri begira, Gregor Samsa ikusi nuen.

 

Bernardo Kapanaga

 


Utzi iruzkina: