Margoak

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2009-11-04 21:23

(Laburmetraia laburra)
 
 

BELTZA
 

   1. Sekuentzia. Irudia beltz.

 

      Ahotsa offean: “Meategian egiten dut lan, gabeko txandan. Orain, hemen nago, ohean etzanda. Uste dut, goizaldeko zortziak direla, umeen ahotsak entzuten baititut eskolara joan aurretik”.

      Ume 1: “Utzidazu bost minutu gehiago, logura naiz”.

      Ume 2: “Buaaa...”. Negar zotinka.

      Ama: “Isilik! Aita lo dago, ez egin zaratarik”

      Baliteke guzti hau ametsa izatea, ni neuk jakin barik, lo egotea. Hala ere, ez dakit non nagoen. Argia piztuko banu etxeko logela ikusiko nuke. Baina poltsikoan daramadan metxeroari sakatuko banio meategiko zutabeak ikusiko nituzke, gero, esku ahurrean, hormaren hezetasuna, eta azkenik, grisuaren usaina antzemango nuke eta eztanda ikaragarria jarraian.

      Eztandaren zarata entzuten dugu. Keak pantaila zuritzen du.

ZURIA

      

   2. Sekuentzia. Irudia zuri.

 

Ahotsa offean: “Pista beltzera joateko esan didate, dagoeneko prest nagoela                         maldarik pikarrena jaisteko. Orain, uste dut, elurroldearen ostean, bi metroko sakoneran nagoela hobiratua. Begiak zabaldu ditut. Ikuskizun bitxia hau! Dena zuri beharko lukeena beltz bilakatu da. Kasu hauetan, gorputzaren kokapena zein den jakiteko pixa egitea da komenigarriena”.

Irudi zuriari hari hori bat dario, goitik behera.

Ahotsa: “Buruz behera nago”.

HORIA
 

   3. Sekuentzia. Irudia horituz joan da eta pantaila osoa betetzen du.

 

Ahotsa offean: “Eklipsearen une gorenean dena belztu egin zen eta eguzkirako babesgarriekin ez genuen deus ere ikusten . Pixkanaka pixkanaka eguzkia azaltzen joan zen eta txistezaleak begi babesgarriak kendu zizkidanean bete-betean eman zidan eguzkiak. Begiak itxi nituen eta horia baino ez nuen ikusten guztiz itsutu nintzen arte.

GORRIA
 

   4. Sekuentzia. Itsutu denean beltzera joan da irudia, baina berehala gorrira pasatzen da, gorrimina.

 

Ahotsa offean: “Gorririk minena gorri eskarlata omen da. Atzo, aitarekin egin nuen amets. Eskarlata koloreko kapa zeraman, erromatar jeneralen modukoa, horrenbeste legionarioen artean bereiz eta ikus dezadan, zerura heldu dela ohar nadin alegia.

Eta orain, beharbada, aitak amestutakoaren berri ematea nahiko luke. Baina ez dut albiste agentzietako inor ezagutzen. Bakarrik, arratsaldero erredakzioko eskaileratan eseri eta zigarroa pizten zuen kazetaria daukat gogoan.. Ez zegoen munduan kazetari ederragorik ezta politagorik. Behin metxeroa erori zitzaion poltsikotik, metxeroa urdina zen.

URDINA

   5. Sekuentzia. Irudia guzti urdindu da.

 

Ahotsa offean: “Eta niretzat atzeko zulotik irtendako metxero hura baino gauza urdinagorik ez zegoen munduan. Askatzen zuen garra ere ia ez zen ikusten, urdin argia baitzen, gardena”.

Esataria arnasestuka. Urdinduta dagoen irudia tantaka zuriz betetzen da pantaila osoa zuritu arte. Letra beltzez  AMAIERA idatziko dugu.


Lodinowsky


Utzi iruzkina: