Kultura-kontseilariak
Kultura-kontseilariak zure gorputzetik artaldean aterako balira lez
kafeinarik gabeko programazio populugaleak diseinatzen
badakizue
domeka arratsaldeetarako pilula dosifikatuak
astelehenera psikiatriaren beharrik gabe heldu ahal izateko.
Debekatuta dago mugiezintasuna
hilda ez bazaude behintzat
baina orduan zergatik biratzen da Lurra
betiko eguzki berbera ikusteko.
Kultura-kontseilariak aholku eske
ez baita erraza monotonia programatzea
galaxia urrunak deskubritzea balitz lez salduta
komediak ere tragikoak dira familia ospakizunetan
alferrik da aharrausiak ongarritzea
zeren polboroiak beti dira polboroi
batez ere iraultza gaur egun sudokua amaitzea denean
eta botoa ematea denak berdin jarrai dezan.
Kultura-kontseilariak metro-geltokietako ateetan
bidaia sedimentarioak bedeinkatzen
zeren izokinak oker daude
ezin da egin hainbeste kilometro itsasoz itsaso
gida turistikorik gabe
eta nori bururatzen zaio hiltzeko bidaiatzea
hobe da hilik bidaiatzea
galdera arriskutsuak egin gabe.
Kultura-kontseilariak kultura dinamitatzen
eta zein erosoa den etorkizunean ez pentsatzea.
Ron Sniakin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: