Jeinuaren epaiketa
Epaitegira eraman zuten jeinua, kate astunekin lotuta. Hari begira, emirrak haserre zirudien.
-Gure seme nagusiak salatu zaitu. Iruzur egin diozu.
-Barka beza berorrek, baina ez da hala. Berak gurari bat eskatu zidan, eta nik bete egin nuen.
-Lotsagaldu halakoa! Gudan galdutako hankaren ordez beste bat jartzeko eskatu zizun, eta zer egin duzu? Bai, hanka bat eman diozu, baina bestea baino metro bat luzeagoa!
-Gaztigatu nion beste jeinu bati eskatzeko. Ni daborduko zaharra naiz, eta ahalmena galdu dut. Berak zera erantzun zidan, burua moztuko zidala uko egiten banion. Ez zidan aukerarik eman.
-Adarra jo nahi didazu? Badakigu nolakoak zareten ifrit jeinuak. Gizakiak baino gehiagotzat duzue zeuen burua, eta beti ari zarete guri iseka egiten.
-Arren, jauna, eman biezat beste aukera bat. Zaharra naiz, bai, baina oraindik ez dut hil nahi.
Emirrak baietz esan zion, azken aukera emango ziola, konpon zezala akatsa.
Biharamun goizean, seme nagusia arrapaladan sartu zen emirraren gelan.
-Begira, aita! Tamaina berekoak ditut hanka biak!
Emirra semea besarkatzera altxatu zen ohetik, baina zen bestean jausi zen lurrera. Semeari kendutako hanka zatia berari erantsia zion jeinuak!
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: