Erreskatea

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2022-04-28 11:24

Ez dut esango superheroia izateko jaio naizela, baina suhiltzaile izatea erabaki nuenean nire ametsa jendea salbatzea zen: sutan dauden eraikinetatik amama elbarriak bizirik ateratzea, urez inguratutako etxeko teilatutik ume negartiak besoen artean erreskatatzea, istripuaren eraginez bide bazterrean suntsituta geratu den autotik gidari kordegabetua leherketa baino lehentxeago kanporatzea... Agian pelikuleroegia naiz, baina gutxieneko lan duinak eskatzen ditut, besterik ez. Horregatik, zerbitzu batzuk iraingarriak iruditzen zaizkit. Adibidez, gaur goizekoa. Auzotar batek sokorroka deitu digu, zuhaitz batean katu baten marruak entzuten zirela-eta. Ez dakit munduko hemisferioak hankaz gora jartzeko gogoa den, baina gero eta gizaki gehiagok ematen diote garrantzi handiagoa katu baten ustezko larrialdiari kontinente oso bateko gabeziei baino. Kontua da ziztuan atera behar izan dugula etorbide nagusirantz, zertara eta katu txatxu bat arbola batetik jaistera.

Eta ez da serioa. Nola lortuko dugu biztanleriaren begirunea horrelako lanak egitera makurrarazten bagaituzte? Zer izango da katu-salbamendu horren hurrengoa? Hasi behar ote dugu komunetik behera jausten diren telefono mugikorrak erreskatatzen? (Jakina, erantzungo du askok, katuak salbatzea ondo dago, baina ni ezin naiz bizi mugikor barik, kaka egiteko ere orain egunkariaren ordez mugikorra daramagu ilustratzeko, eta hara, ezustean zuloan barrena jausi zait madarikatua, eta zertarako daude ba suhiltzaileak horretarako ez bada?). Eta prakak jaisten hasiz gero, orkatiletaraino jaisteko eskatuko digute. Eta hurrengoa umeen eskuetatik alde egindako puxiken atzetik ibiltzea izango da. Edo batek daki egunen baten hasiko garen aitita Bartolori edalontzitik desagertutako haginen bila... Noraino bortxatu daiteke lanbide hau, jainkoarren?

Baina gaur goizekoa akabukoa izan da. Etorbide nagusiko arbola hartara heldu garenean, jende-aldra bat egon da zuhaizpean, gora begira. Bai, nabarmen entzuten izan dira marruak. Edo intziriak izan dira? Eskailera enborrean jarri eta gorantz hasi naiz, jendearen orroen artean. Zeren ez dago ezer arriskutsuagorik jende multzo bat baino. Anonimokeriak ematen duen ausardiaz, hor hasi zaizkit aginduak ematen, hortik ez txotxolo, beste alde honetatik datoz marruak, ezetz ba, nora zoaz eskailera tutu horretatik, handiagoa ekarri behar zenuten baldar ziztrinok, hi, zein tonbolatan lortu duk suhiltzaile-titulua, mugitu bizkorrago, bareak baino motelagoa haiz eta, katutxo errukarria... Azkenean, eskailerabururaino helduta, beheko basapiztiak bistatik galdu ditut, eta eskerrak: badirudi batzuen zeregina munduan inoren potroak erretzea besterik ez dela. Bada... doazela uzkerrak orrazten, artolasto madarikatuak!

Gorantz begiratuta, marruak adaburutik datozela sumatu dut. Ahal izan dudan moduan jarraitu dut bertaraino, adar batetik bestera tximinoen pare, zorioneko katuaren bila. Eta katua izan balitz sikiera ere, arinago amaituko nuen zerbitzu hura, baina kia, gutxien espero duzunean gertatzen dira handienak. Zeren, nire harridurarako, han goian topatu dudana ez da izan Angora katu galdu bat, ez horixe, Espainiako gobernuko presidentea baino, haren metro eta laurogeita hamar zentimetroak arbolaren inguruan kiribilduta, katua beharrean boa hertsatzaile bat dirudiela.

-Baina Pedrito, zer zabiltza hemen?

Haren konfiantza hartzeko deitu diot horrela, ez dezala inork pentsa laguna dudala.

-Utzi, utzi bakean! Zoaz, arren -erregutu dit, malko lodiak isuriz Tigris eta Eufratesen iturriak ziruditen begietatik.

Hain gogoilun ikusi dut ze alferrikakoa begitandu zait kontsolamenduaren estrategia; aitzitik, aproposagoa iruditu zait xaxatzeari ekitea: batzuetan eraginkorragoa da belarri-izkinakoa laztana baino.

-Ez dizu lotsarik ematen, zure moduko kankailu bat umemokoen antzera negar baten ibiltzea ere! Tira, atoan beherantz, kakamerke hori, osterantzean ostikoka jaitsaraziko zaitut!

-Ez, arren! Oposizioa nire atzean dabil entzuketen auziagatik! Kargua uzteko eskatzen didate! Epaileen aurrera eraman nahi naute!

-Ederra kontua! Marianito behintzat mozkortzera joan zen zentsura-mozioa aurkeztu zenionean. Europa osoan barregarri uzten zabiltzate zuen erresuma ñaño hori!

Alferrik izan da. Bere luzera guztian adarrari itsatsita, negarrari eman dio berriro, Urrunagako urtegia ordu erdian betetzeko ere. Bakarrik falta izan zaio amatxoka hastea. Ez dudalako txupeterik izan aldean, ezpabere ahoan sartuko nion, zeren presidentearen intziri sarkorrek zuhaizpean zeudenei pentsaraziko zieten txerri bat hiltzen ibili naizela. Gainera, erlojuari begiratu eta ogitartekoaren ordua hurbiltzen zela konturatu naiz. Eta hori sakratua da. Makina bat manifestazio eta greba egin behar izan dugu ogitartekoaren ordu erdia eskuratzeko, eta ez nengoen prest mainontzi hargatik atsedenaldiari uko egiteko. Berdin zidan salbatu beharrekoa Espainiako presidentea izan zein Jaungoikoaren alaba isilpekoa: deika nituen suhiltzaileen kamioitik lata barruko sardinak.

Tarzan  baino arinago jaitsi eta di-da erabaki dut zer egin: motozerra hartu eta enborra ebakitzen hasi naiz, geroxeago zabalduko nuen sardina-lata bezain erraz. Inguruan nuen jendetza bitan banatu da: alde batetik alimalistak deituko nituzkeenak, hots, gauzak konpontzeko bortxa erabiltzeko beti prest daudenak, alimaliako animaliak, alegia; bestetik, naturazaleak, kaparren eskubideak ere defendatzeko prest dauden kalekume perfumatuak. Batzuek animatu egiten ninduten, Australiako aizkolari-taldearen aurka ibiliko banintz bezala; besteak, berriz, irainka hasi zaizkit, arbola hura Amazonia osoa baino garrantzitsuagoa balitz bezala. Eta esan behar dut naturazaleen irainen indarkeria alimalekoa zela, benetako alimalistak haiek balira bezala. Baina, zorionez, bi taldeak elkar jotzen hasi baino lehen lortu dut zuhaitza eraistea.

Orduan gauza harrigarria gertatu da: lurreratu bezain laster, Espainiako presidenteak katuka alde egin du, labezomorro baten gisa. Hain arin, ze inor ez da konturatu nor den. Gehienek uste izan dute haize zirimola batek eraman duela arbolatik jausitako katua edo dena delakoa. Ez dakit nora joan den, baina hartu duen abiaduraz erraz egongo da honezkero Abu Dabin emeritoaren babutxak miazkatzen. Edo auskalo, baliteke gaur gauean Pegasus konstelazioan agertzea, izarren artean ezkutatuta, ikusketa eta entzuketa guztietatik aparte.

Dena dela, eginak egin eta deseginak desegin, belarria egingo nuke azkenean multinazional baten administrazio-kontseiluan ikusten dugula haren ipurdia. Hori ez da inola ere informazio erreserbatua, behin eta berriro erreserbarik gabe errepikatzen den deformazio publikoa baino, zeren goizeko sardinak nire hesteetan dauden bezain egia da parte txarrekoek besaulki erosoetan doitzen dituztela beti euren lotsariak.

                                                                                                          Bernardo Kapanaga

  

 


Utzi iruzkina: