Erosketa-zerrenda

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2023-09-22 13:20

Brokolia ahuakateak apioa espinakak

azalorea kiwiak kipulak berakatzak

azenarioak sagarrak marrubiak ahabiak

letxuga piperrak tomateak ilarrak

urrak almendrak eta intxaurrak.

 

Ah, eta algak.

 

Supermerkatuko ordaintokia konfesionario publikoa da.

Han, denen bistan ageri dira

gorputzean sartuko ditugun elikagaiak,

prentsaurrekoa ematen ibiliko bagina lez,

begira nola zaintzen naizen

zer garbi jaten dudan

hona hemen bizitza oparoaren iturriak

ahoan txikituta

urdaileko azidoek desitxuratuko dituztenak

digestio-aparatua da osasunaren oinarria

jaten duguna gara

zertarako eta guztia gorotz bihurtzeko.

 

Horixe da bizitza: merkatuan egotea.

 

Gure geneen barra-kodea gorabehera

urteen haginkadek txikituko gaituzte,

azukrea txarra da

gatza txarra da

zer geratzen zaigu garratza eta mingotsa baino

zertarako eta guztiak heriotzaren janari bihurtzeko.

 

Horixe da heriotza: merkatutik kanpo geratzea.

 

Alboko  ordaintokira begiratu dut.

Neska-mutil gazte freskoak

gorputz perfektuak

begirada ausartak.

Eta denen bistan, lotsagabe,

ultraprozesatuen orgiaren apologia.

 

Donutsak tigretoiak bollycaoak

batidoak red-bullak koka-kolak

natxoak pizza izoztuak hanburgesak

krispetak pringlesak palmerak

ket-chupa txupatxusak napolitanak.

 

Ah, eta gominolak.

 

Kolesterolaren epopeia horretatik

nire barazki-prozesiora bueltatu dut begirada

derrotaren mikatza urdailean. 

 

Merezi ote hainbeste omega-3, bitamina eta mineral?

Zertarako eta hurrengo analitikan

asteriskorik ez izateko?

Baina zergatik ez dira neurtzen

tristezia-maila eta etsipenaren sakonera?

 

Merezi ote zahartzaroa luzatzea

dortoka tristeen antzera bizitzea

urrunago heltzeko?

 

Merezi ote hainbeste sakrifizio gastronomiko

hainbeste yoga eta pilates

kale-kantoiaren bueltan zain baditugu

gurekin estropezu egiteko irrikaz

iktusak, tumoreak, bihotzekoak

odol-isuriak, alzheimerrak, parkinsonak?

 

Ordaintzeko orduan

kutxazainari esan diot

bertan utziko dudala

nire osasun-ondasuna.

Bueltan noa pasillo debekatuetara

gaztaroaren zorotasuna punpaka bihotzean

garagardoen eta whiski-botilen metaketa konpultsiboa

izango da nire orgaren arkitekturaren oinarria

ospatu beharra dago ilusio berritua

eta, ezeren gainetik,

despentsan ez daitezela falta izan

gatza eta azukrea.

 

Ah, eta aurrena

supermerkatutik estankura joango naiz

habano garesti bat erostera.

 

Ron Sniakin

 

 


Utzi iruzkina: