Ergel konpletoa
Goizean goiz
gimnasiora noa
nire minak indartzeko.
Gero,
globalizazioaren aurkako txioak idazten ditut
Zelanda Berriko kiwiak
eta Peruko ahuakateak
gosaltzen ditudan bitartean.
Sukaldaritza gustatzen zait
baina telebistako programetan
zeren zertarako hasi ontziak zikintzen
jatetxeei jaten eman behar zaie.
Hori bai,
ez dut afaltzen,
eta barau horien ordainetan
urtean behin sikeran ere
mitxelindun jatetxeetara noa
plater-desfile anorexikoa ordaintzera.
Ideologian iraultzailea naiz
baina maila teorikoan
zeren oso zaila da
teoria eta patrika uztartzea.
Nazioarteko politikan
putakume baten alde egiten dut
putakume handiago bati
aurre egiten diolako,
eta horri koherentzia deitzen diot.
Gabonak gorroto ditut,
baina, badaezpada,
loteria erosten dut.
Eta ergel konpletoa izateko,
inspiratuta sentitzen naizenean,
poesiak idazten ditut
literaturaz ideia zipitzik
ez dudan arren.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: