Ardo ozpindua
Udagoieneko goiz hartan osteratxo bat egitera atera zen etxe osteko basoan. Bat-batean, oinotsa barrundatu zuen atzealdean. Entzuna zuen bidelapur bat zebilela inguruan, eta, artegatuta, arinari eman zion. Bide nagusiari utzi eta zidor batetik abiatu zen, harik eta etxe batera heldu zen arte. Atea zabalik zegoen, eta barrura sartu zen. Eskailera batzuk ikusi eta haietan behera joan zen, sotoan ostendu guran. Armairu handi bat ikusi zuen, eta, hantxe sartzeko puntuan zegoela, kolpe bat igarri zuen buruan. Beso batzuek indarka hartu zuten galtzarbeetatik, eta, bere burua salbatzeko azken ahalegina egin nahian, apalategi bati oratu zion ezker eskuaz. Ardo botila bat jausi zen bertatik, eta kristal apurtuaren hotsa entzun zuen. Intuizio hutsez, eskua luzatu eta hatzak busti zituen isuritako ardoan. Ahora eraman zituen, ardo hura probatzeko.
-Ardo hau ozpinduta dago -kexatu zen, tarraz zeramaten esku ezezagun haiei jaramonik egin gabe.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: