Amodiozko lehen gutuna
Josephine, ene kuttun eder hori:
Ez sinets inoren hitz goxo zein bertso borobilik, ez egiozu irri besteren bihotz ohoin dongeei! Horren ordez, eduki nirekin erruki!
Zure begi ederrek niri eginez gero so, pozez beteko nindukete. Zure ile luzeek ene eskuen zirri beroez egingo dute hobetoen erluze. Zure sudur dotore horrek nire sudur honekin, berriz, noiz egingo ote du, eztiki, topo? Ez, gorputz sotil hori ezein eskultorek ezin liro hobe, ezein olerkik ezin liro goietsi. Josephine, bizi iturri, lore hilezkor, gogoko dut zure lurrin heze hori, ezin ninteke ordubete gehio bizi zuk, otoz, ihes eginez gero. Ene begiei doluzko zirimiririk lerieke, ene oinek ezin lekikete noruntz jo, ene eskuek iltzez josirik lirudikete, ni neu betiko mututurik nengoke.
Zu, euri; ni, lur.
Zu, eguzki; ni, ekilore.
Zu, urretxindor; ni, ehun urtez zure entzule.
Hodei beltzez ehortzirik nengoen zu eriden orduko, ez nuen ez etxe ez iheslekurik, ez uste ez federik. Etxetik urrun, mendiz mendi zein erbestez erbeste ibili nintzen, sosegurik ez duen hilotz legez. Oro zen ilun, oro goibel. Infernuko su sufretsuek zigortzen ninduten, sorgin zirimolek kosk egiten zieten ene burmuin xirpilduei. Zu idorotzeko erregutu nien izpiritu ikustezinei, zure morroi bihurtu gogo nuen, zu ene neke-minen gerizpe. Zintzo ibiliko nintzen zurekin, ez nizuke mingotsik sortuko; horren ordez, ilusioz zein bizi-pozez beteko zintuzket.
Ez ote duzu entzuten nire intziririk? Ez ote duzu ikusten nire bekoki zimurturik? Infernuko tximistek gor edo itsu bihurtuko zintuzten, ondikoz? Oihu egiten dizut, otoi, ondino tertzioz geundeke zuk gogorik edukiz gero. Ireki bihotz hori behingoz, ene bihotz honek biziki eskertuko dizu, hilurren den bihotz jipoitu honek, ezpere betiko itxi lekiguke ondino ireki ez dugun leiho estu hori.
Eritzirik ez irrintzirik ez dut egundo isilduko. Erein gogo nukeen bihi honi zuk uko eginez gero ere -lur idorretik ezin ezer sortu- ene buruko orri oro eroririk ere, erro oro zimurturik ere, tinko segituko dut, ez dut inoiz etsiko, zeren beti edukiko dut okilik beste edozein enborri zulo egiteko.
Edo zer uste zenuen? Ezein gotorlekuk ez dit izurik izetuko, ezpere bihotz bizkortuko. Oztopo oro birrinduko dut, peril orori itzuriko. Zure tontor helezin hori nik neuk ostikopetuko dut, mutur siku hori nik neuk bustiko, burdinezko bihotz hori nik neuk urtuko.
Nirekin iruzurrik ez!
Tori fite zure ohekide bihurtuko den miresle ezkutu honen bostehun musu!
Gizotso
Iruzkinak
Utzi iruzkina: