Amodiozko laugarren kutuna
Ernest kuttuna:
Eman dezagun H. H. deitzen naizela. Izen hau entzunda, aise egin zenezake nire deskribapena: pisuaren pisuaz lehertzear dirudien buru izerditsuan zenbait ile nahasi; aurpegian, masaila haragitsua, irribarre ergel samarra eta bidar irtena; begiak, berriz, alde banatara begira eta sudurra, ukabilkadez zapal-zapal egina. Iduna, desagertua. Hemendik beherantz, zaku gantzaduna eta ibiltzea erraztu gabe trabatu egiten duen habe herrenkari parea.
Ene teilatuari harrika egiten ez jarraitzearren, beste zer batera iraganen naiz. Izan ere, haragi-meta hau bada hainbat bertuteren bizileku. Buru izerditsuaren barnean, adibidez, munduak eman duen burmuinik bikainena ezkutatzen da. Nirea ez da hizki-mizkia, ez hizkera arrunta; aitzitik, esaera biribilak eta esakune paregabeak besterik ez dituzu nigandik entzunen. Greziatik gaur arte izan diren aditu famatuenen jakituriaren primu eta jabea naiz. Denak txunditurik uzten ditut ezpainak mugitzen hasiaz batera. Zer erants nezake? Azken batean, munduak nire inguruan egiten du bira, enparauak nik erabakitzen dudan airearen arabera ibiltzen dira dantzan.
Hau entzunik, baduzu aukerarik? Ez! Nirea zara, ezinbestez. Jakin ezazu begia ezartzen dudan lekuan, gezia bertantxe iltzatzen dudala. Zerbait atsegin badut, ez naiz geratzen nireganatu arte. Alferrik ari zara, beraz, nigandik alde egin nahian bazabiltza. Ahulegia zara, ezin didazu ezelan ere aurre egin. Izan zaitez, bada, buruargi, eta har ezazu eskaintzen ari natzaizun eskua.
Atseginik laketgarriena emanen dizut. Plazeraren zirrikitu guztiak ezagutzen ditut, haragikeriaren zeru eta infernuan barneraturen gara. Nire etxea maitasunaren jauregia da, zu nire etzakide lizuna. Ai, kuttuna, blai eginda geratzen naiz zure titi handiak esku artean igurzten ditudala pentsatze hutsarekin! Nire mingain likitsak zure azal ezti distiratsuan irrist eginen du, kili-kiliak eginez, harik eta zure azken behatza listuz asebete arte. Jarraian, sugea habiatik atera, eta zure begi itsu dardartirantz abiaraziren dut, txistulari indiarren abilezia berberaz. Ai, zure barruan natzala, zein irrika sutsuz eginen dugu dantza, zer zartada eginen dizut zure barne-barnera heltzearren! Eta, marrumaka gaudela, adurra darigula, nire sugeak bere eden irakinaz blai eginen zaitu!
Eta zer esan zure ezpata astunaz? Famatua da inguru guztian. Hainbat emek dastatu ahal izan du haren zunpa eta esetsiak, makina bat usapalek galdu du bere lumarik ederrena zure amarruengatik! Baina hemendik aurrera nirea da, sakaila nazazu nahi beste! Egidazu min, jarri buruan pipermin!
Azkenik, plazera azken muturrera eraman nahian, ezpata biek egin dezatela talka, sumendiek jaurti dezatela haien isuri kiskalgarria, eurrez!
Ernest maitea, zure premia dut, ase nazazu berehala, ezpabere neure buruaz beste eginen dut.
Egidazu zuzena, hurbil zakidaz, sar diezazudan eztena!
H. H.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: