Amodiozko bosgarren gutuna

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-10-08 13:52

Kaixo, Ana laztana!

             Badira zenbait hilabete joan zinenetik. Tenorea da, beraz, zerbait idazteko.

             Hemengo bizitza tristea da. Aste eta hilabete beltzak, benetan. Zaparradak bota eta bota dabil, temati. Antza, ortzia haserre dago joan zinelako. Ea ba arin etortzen zaren...

             Ai, elkarrekin egon ahal izango bagina, hondartza bakarti batean, goian hodeirik ez, soilik ekiaren bero goxo kilikagarria soinean, elkarri zirriak eginez, aldiro itsasoaren barrenean gordeaz, bertan bion ezpainak itsatsiz...

             Ai, nire maitea, jakin ere jakin behar da zer den pertsona baten beharra sentitzea, eta milaka kilometrora dagoela jakitea... Lehorrera ateratako arraina naiz, errorik gabeko arbola. Distirarik ez dago jadanik ortziko izarretan, ederrena falta baita. Antzinako margolari eta olerkariak, behinolako zizelkari eta filosofoak, denak negarrez dira, historiak sorrarazitako jainkosarik ziratsena haiek hilez gero jaio baita. Ai, haien atzamarrek, haien ezpainek, betiko hilezkor zezaketen neskatxa ilehori xarmangarria! Arren, ez zaitez nigandik alden, etor zakizkit ahalik arinen, atsekabez hil nadin baino lehen...

             Ez dakit, hain neska ederra izanik, ikaraz nago hor printzeren batek ez ote dezakeen hain bihotz aratza ebats... Jeloskor egoteko badago, bai, arrazoirik. Zintzoa izango zarelakoan nago, baina erne ibil zaitez, azeri asko ibil daitekeelako zelatan, printzesaren arima harrapatzeko irrika eta egarriz. Ez ahantz, otoi, hemen dagoela zorion osoa eskaintzeko prest dagoen benetako adiskidea, betidanikoa. Gaztaroa elkarri eskaini ondoren, badator biontzat egiazko tenorea. Lerro sail honen bitartez, hona hemen nire proposamena, hona nire eskaintza: ezkon gaitezen eta elkarrekin bizi. Izan zaitez nire emaztea, elkarrentzako eginak gara eta!

             Iretargia gorriz jantzi da niretzat; ene begiak itoginak dira, malkotan itota. Neska maitearen masaila dabilkit gogoan bai eta ametsetan ere. Arpa eta oboe miragarrien aire eztia datorkit neska maitearen ahotsa gogoratzean. Arrosa eta krabelinena bezain kolonia hordigarria da nire maitearen adatsarena, gozokirik dastagarriena haren azal eme beroa...

             Ez dakit zertatik edo norengandik ihes egin nahian, herrian bakarrik ibili ohi naiz, hortikoz-hemendikoz, zirimiripean, ibiltari triste baten gisan. "Hor doa maitale goibela", dio jendeak nire atzean. Erreka ondora joan eta hantxe egoten naiz arratsaldeetan, ekiaren argia osorik desager dadin itxaroten. Errekaren hots etengabeari negarraren antza hartzen diot. Ai, bertara salto egin eta nire maitearengana eraman banintzake!

             Tira, bihotza. Ez pentsa lerrook bortxaz-edo idazten ibili naizenik; aitzitik, gainetik zama erraldoia kentzeko izan da. Orain, adierazi beharrekoa adierazita, lasaiago nago. Ea noiz etortzen zaren, horren zain geratzen naiz, niretzat hori izango baita sendagai bakarra!

             Jaso nire besarkadarik beroena. Adiorik ez, laster arte baizik!

                                                                                  

Sebastian


Utzi iruzkina: