Amodiozko bigarren gutuna

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2012-09-13 09:22

Hanot, kuttuna, nola doakizu bizimodua?

             Gutun hau bidali nahi dizut gogoan izan nazazun. Ni naiz gau orotan loak hartuaz bat ikusi ohi duzun lamia. Gaur itzarri orduko zutaz oroitu naiz. Bitxia izan da. Lotura onirikoa izanagatik, hara, otoz argi-argi ikusi zaitut.

             "Idatziozuz hitz batzuk", aholkatu dit bihotzak. Atoan hartu dut boligrafoa. Maiz, amodioa utopia da. Zuhaitzak txoria maitatuagatik, hau saltoka ibiliko da basotik, zuhaitz askotan pausatuz. Arimak, uda bukatuz joan ahala, Afrikarantz bultzaraziko du. Zuhaitzak aldiz, damuz, orriak galduko ditu.

             Guk dugun lokarri bakarra hala-halakoa da, kuttuna. Ispiluko kristala dugu muga. Zu hor bizi zara, gizakion munduan. Ni Afrikan baino urrunago nago, ortzi-mugaz haraindi, nahiz gau orotan zugana hurbildu. Horrainokoa da izan ahal dugun lotura bakarra. Baina hain da xarmangarria!

             Haragizko muxuak baino grinatsuagoak dira opatu ohi dizkidazunak; orobat, laztanak haragizkoak baino kilikagarriagoak izan ohi dira, goxoagoak, zakarrik bakoak.

             Hona irudi bat: uhinak hondartzaratuz, hondarra musuz bustiz; bada, zu halatsu niganatu ohi zara, ilargia sopikun dugula. Zu zara izan gogo dudan arnasa, bizitza irrikaz blaitu ohi didan olatu xuxurlaria. Gau osoan mila dantza, biok batu-baturik, gorputzak uztarturik. Bai goria arnasa, bai bustia irria, ilargia han goian dugula, gutiziaz so...

             Itzala zugandik urrundu ahal duzu? Halakoa da, bada, dugun maitasuna. Zu, lurtarra; ni, itsastarra. Loari gagozkio. Gauak garamatza biontzat soilik altxatutako paradisu fikziozkora; aitzitik, argia dugu aurkari, hark banandu ohi baikaitu. Hortaz, izarrak izango ditugu, laztana, amodio-lagun. Hori da dagokigun paradisu bakarra.

 

                                   Itaundu dautsozu

                                   ortzi ilunari

                                   itsasoko uhinai-ta

                                   izadi orori:

                                   bihotzak dirakit

                                   su ta odol danbari

                                   zu zaitut, bihotza

                                   gauoro maitari.

 

 

                                                                       Itsaslamia


Utzi iruzkina: