Adituak
Maite ditut gure adituak,
geopolitikaz dena dakitenak.
Besteok
kapitalismoaren atzaparretan bizi garen
ergel-tropa gara,
ilargiari barik atzamarrari
begiratzen diogun ezjakinen artaldea.
Zeren adituen atzamarrek
etsaiari seinalatzen diote,
haiek bakarrik dakite zein den
pelikulako gaiztoa,
munduaz jabetu nahi duen maltzurra,
bidegabekeria guztien erruduna,
gerra eta triskantza ororen iturri agortezina.
Munduan gaizto bakarra balego lez...
Eta despistatzen bazara,
adituek esaten dizute ez dela estrategikoa
beste gaizto bati seinalatzea,
zeren hori etsai nagusiaren amarrua da.
Gaizto nagusiari aurre egiten dion gaiztoa
barkatuta dago,
euren seme-alabak jo eta bortxatzen baditu ere:
hori salatzea etsai nagusiak bultzatutako distrakzioa da.
Baina lasai: adituek esango dizute
zer kritika daitekeen eta zer ez.
Eta kontuz: euren ildotik ateratzen bazara
susmagarria zara,
askatasunaren izenean berba egiteko monopolioa
haiena baita.
Adituek banatzen dituzte gizartean
ezjakintasun-tituluak,
haiek dira antikapitalismoaren bisionarioak,
iraultzaren manamenduak ezartzen dituzten profetak,
eta,
euren txioen txorrotadarekin
ongiaren eta gaizkiaren territorioa markatuta,
asteburua heltzen denean,
Landetara joaten dira euren autokarabanetan.
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: