1202 kodea
Espazio-ontziko konputagailuaren alarma jotzen hasi zenean, Armstrongek pentsatu zuen hantxe amaituko zela bidaia. 1202 kodedun akatsa, horixe zen alarmaren eragilea. Lehen arazoa: inork ez zion jakinarazi zer zen 1202 kodea. Beraz, inprobisatu beharra zegoen. Lehergailua desaktibatu behar duen espezialistaren irudia etorri zitzaion., zer kable atera behar duen erabakitzen, gorria ala urdina. Baina han ez zegoen kablerik, eta Ilargiratzeko zorian zeuden. Autodefentsa moduan, pentsatu zuen alarmaren hutsa zela, arrazoi barik hasi zela jotzen. Baina badaezpada, eskuliburua kontsultatu zuen. Eta hara: ez zegoen 1202 kodedun alarmarik.
Espazio-ontzia Ilargiaren azalean pausatu zenean, Armstrongek sakon hartu zuen arnasa. Prest zegoen Ilargia zapaltzeko eta mundu guztiak ikasiko zuen esaldia esateko. Urte askotako lana urrats hartan mamituko zen. Mailaz maila joan zen beherantz, astiro, oso-astiro, momentu hark eskatzen zuen erritualari zegokion moduan. Eta, azken urratsa egin zuenean, oina Ilargian jarriaz batera, argazki-makina jausi zitzaion lurrera. Ez zen horretaz konturatu: emozionatuegi zegoen esaldi gogoangarri hura mundu osoari esaten. Baina, urrats bat atzera egin zuenean, hantxe ikusi zuen argazki-makina, ustez hondatuta.
-Eta orain, nola aterako ditut argazkiak? -pentsatu zuen, argazki-makina lurretik jaso eta pitzadura txikiari begira.
Orduan gogoratu zen 1202 kodedun akatsaz. Gertatu behar zuen istriputxo hartaz ohartarazi nahi ote zion? Nola zekien konputagailuak argazki-makina jausiko zitzaiola eta hondatuko zela?
Ez zeukan erantzunik, baina zerbait egin behar zuen: nola bueltatuko zen Ilargiaren azaleko irudi barik? Makinari begiratu zion: agian zerbait egin zezakeen. Zinta amerikarra balu behintzat! Baina ez: espazio-ontzian teknologia modernoena, puntakoena zeukaten, baina zer eta zinta amerikarra hartzea ahaztu zitzaion.
Eta, bat-batean, konponbidea akordatu zitzaion. Erraza zen: Ilargiaren azalean ehun bat metro ibilita eskumalderantz, atea zabaldu, estudioetatik irten eta espaloiaren bestaldean zegoen txinatarrean lortuko zuen zinta amerikarra. Konponduta 1202 kodedun akatsa!
Bernardo Kapanaga
Iruzkinak
Utzi iruzkina: