Desobedientzia ekintza kontsumismoaren eta desarrollismoaren aurka
Errege Magoz jantziriko lau ekintzaile bidoietan kateatu eta Irungo “Txingudi” merkatal-zentroko sarbidea blokeatu zuten joan den urtarrilaren 5ean, asteartearekin. Bi ordu baino gehiago egon ziren bertan, 17:15etik aurrera, kapitalismoarekiko nahiz kontsumo-gizartearekiko eta AHT bezalako proiektu txikitzaileak ezartzen dituen desarrollismoarekiko arbuioa adierazteko. Desobedientzia ekintza kolektibo honen bidez egungo sistema ekonomiko xahutzaileak sustatzen duen normaltasun kontsumista zalantzan jarri nahi izan zuten, eta garapenzalekeriaren ondorio sozial eta ekologiko suntsitzaileak salatu. Protestariek bat egin nahi izan zuten hainbat egitasmo erasokorren aurrean, hala nola AHT eta Jaizkibelgo Superportua, Hondarribiako aireportuaren zabalpena, Zubietako errauskailua, lurraldearen neurrigabeko urbanizazioa eta Irungo nekazaritza auzoen hondamen larriaren aurrean, besteak beste, mugitzen diren eta borroka egiten duten beste borondate eraldatzaile askoren ahaleginekin.
Desobedientzia ekintza horretan, lau ekintzaile bidoietan kateatu eta trafikoa eten zuten luzaroan, harik eta suhiltzaileek bidoietatik askatu zituzten arte. Ondoren, polizia autonomikoak atxilotu zituen. Urtarrilaren 6an aske gelditu ziren ekintzaileak, baina "desordenu publikoa" egozten diete.
Hala, Errege Magoek hartu zuten joan den abenduaren 22an Barakaldoko Megapark blokeatu zuten Olentzeroen ekintzaren exenplu.
Jarraian ekintzaileek zabaldutako adierazpena irakur daiteke oso-osorik.
Kontsumitzaile maite hori:
Gaur, urtarrilaren 5ean, urtero bezala Ekialde Urrunetik bidaia luzea eta lasaia egin ondoren, berriro irisi gara azkenean… Txingudiko “merkatal parke” honetan gelditzeko. Bidean ikusi ditugun berrikuntzak eta aldaketak ugariak izan dira, horietako gutxi batzuk onuragarriak, nork uka, baina gehientsuenak aldiz ez hainbeste, ez horixe! Egia aitortzeko, geroz eta itogarriago eta zentzugabeago gertatzen zaigu bizimodu modernoaren erritmo frenetikoarekin eta inposaketekin moldatzea, dena beti azkar egin nahi eta behar horrekin. Zenbatezinak dira bidean oztopo egin diguten autobideak, poligono industrialak, abiadura handiko trenak… eta geroz eta gutxiago dira, ordea, gure ibileran aurkitzen ditugun herritarrak. Hots, jende guztia bere ibilgailuan gordeta dabil, edo bestela nolanahiko txatar elektroniko batekin okupatuta dago beti; eta orduan, inork ere ez du gurekin hizketan gelditzeko eta harremana izateko astirik hartzen!
Hori dela eta, merkatalgune erraldoi honetan geldiune irmo bat egiteko erabakia hartu dugu, kontsumo eta aisialdiko makro-zentro hauek egungo jendarte moldeak eragiten dituen gehiegikeria aseezinen eta egunerokotasun gogaikarriaren ikur direlako: nagusi dira hemen ibilgailu pribatuan mugikortasun bortxatua, zakarreriazko salgaien kontsumoa bultzatzen duen kitzikadura, nortasunik gabeko ingurune geroz eta homogenoagoak dakarren jendarteko harremanen hustuketa… Horrenbestez, jendarteari bere bitarteko eta helburuen jabe izan dadin eragotzi, eta pertsonen behar eta desioen menperakuntza indartu besterik egiten ez duten merkatal-salerosketa horien funtzionamendu normala ahal den neurrian zapuzteko premia aldarrikatu nahi dugu; horren ordez, bai kontsumo-eran eta produkzio arloan, nahiz harreman pertsonaletan, egunero hurbiltasunean oinarrituriko bizimoduen alde egiteko.
Esan beharra dago desobedientzia ekintza hau ez dela zure aurkako erasona: soil-soilik, oparotasun komertzialaren kaiola honetako itxiladia eten nahi du, bere bakarrizketatik irtenarazi eta erresistitu, nahi eta behar ez dugunari ezetz esateko aukera badugula aldarrikatzeko.
Gure ustez, zilegitasun handiagoa daukate normaltasun hori apurtzeko egiten den desobedientziak eta egoera honen atzean dauden interes ekonomikoak zalantzan jartzeko egiten diren saialdiek, oparotasun gizarteak dakartzan gehiegikeria eta kontraesanen aurrean –poluziotik hasi eta bihotz-gogorkeriaraino—isilik gelditu eta horiek denak etsipenez onartzeak baino.
DESOBEDIENTZIA ETA EKINTZA ZUZENA!
DESARROLLISMOARI STOP!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: