27.astea Gero eta gutxiago

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-05-19 21:57

Aste honetan izan ditugun tenperatura epelek, aste barrutik asteburura bitarteko denbora goxatzen lagundu digute. Izan ere betiko errutinaz gain gauza gutxi izaten da astelehenetik barixakura bitartean. Salbuespen hauetako bat izan zen hornitzaile baten enpresatik etxera bidean gentozela, Vita eta biok joan zen eguaztenean egin genuen geldialditxoa. Hranice-ko amildegiaren kanpoaldean izan ginen, berau (txekieraz, Hranická propast) Txekiar Errepublikako amildegitik sakonena da.

Baieztatutako sakonera minimoa 442,5 m-koa da eta gaur egun, ur geza duen munduko bigarren haitzulo sakonena da eta uste da 700-800 m-ko sakonera izatea. Hranice amildegia kobazulo baten “teilatua” jausi zenean sortu zen, urte askoan zehar barruko ur karbonikoaren lurrunek kareharria jatearen ondorioz.

Lanera ere joaten garela erakusteko, garrantzitsua izan da oso nire BMW-ko proiekturako lehen muntatze postuetako makinak heltzen hasi direla esatea. Bide onetik badoa dena, laster egongo da linea osoa probatzeko bezala, ea ba egia den!

Bestetik asteburu potentea geneukan aurretik, Frýdek-Místek-eko bandaren hiru eguneko kontzentrazioa gehi kontzertuarekin Hukvaldy-ko Leošek Janaček eskolan. Barixaku arratsaldean, azkar amaitu zen  enstegua, antolakuntza eskasaren ondorioz “huts” handiak baitzeuden.

Guk zorionez “B” plan bat (B-eñat plan bat) geneukan prest Frýdek-Místek-eko Veranda jatetxean. Hainbatetan azaldu den Michna tronpeta-jole handiak emanaldia zeukan, abeslari bikain batez eta teklista abil baten laguntzaz. Bertan batu ginen hamar laguneko kuadrillatxoa eta ederki eman genion amaiera barixakuari.

Zapatu goizean berriz ensaiatu ostean, eta bazkaria prestatzen ari ziren bitartean garagardo batzuk hartzera joan ginen Hukvalská Pivobar-era. Etxean ekoiztutako garagardo hau, filtratu eta pasteurizatu gabea izateaz gain, 14º azukrekoa da. Aspaldian hartutako onena inondik inora!

Bazkalostean eguraldi ederra aprobetxatuz zelaian etzanda, zuhaizpean egin genuen siesta goxoa biok, arratsaldean berriz joten hasi aurretik.

Domeka ere iritsi zen azkenean. Kontzertuaren eguna; egun handia. Goizeko entsegu gogorren ostean, eta berriz ere antolakuntza faltarengatik, bizkotxo zati batzuk bakarrik bazkaldu genituen arren, jo genuen kontzertua. New York Obertura, Flashing Winds eta Ostravské Variace jo genituen beste 10 bat piezen artean.

Arratsaldean, etxe ondoko zelaian etzanda egon ostean pasiaratxo bat emanez ondoko herria den Pstruži-ra gerturatu ginen garagardo pare bat eta pizza batzuk jateko eta uda-udako eguraldi paregabeaz ahalik eta gehien gozatzeko.

Holaxe ba, ondo pasau Trinidadietan elgoibartar danok, aurten ez naiz egongo ta…

BARREN BARRENETIK, ELGOIBAR!!!

BKU

 


Utzi iruzkina: