26.astea: Azkeneko hila

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-05-12 21:05

 

Denbora etengabe aurrera dioala, guztiontzat gauza jakina da. Batzuetan, poliki-poliki (dortoka-dortoka) eta beste batzuetan azkar-azkar (sagutxo-sagutxo). Adibidez, bizitzako aldaketen hasieretan nahiko motela izan daiteke erritmoa eta, aldiz, aldaketa hauek berriro ere ohikotzat hartzen ditugunean, konturatu orduko ziztu bizian pasatzen da. Horrela izan beharko luke behintzat, katarsia suposatuko duen beste aldaketa bat iritsi arte.

Gure kasuan, duda gabe, horrela izan da. Hasieran une gogorrak pasa genituen, klima, hizkuntza eta ohitura desberdinak (azken hau ez hainbeste) zituen herrialdera iritsi ginenean. Orain bata bestearen atzetik egunek abiada esponentziala hartzen dute. Beraz, azken hilabete hau, ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko gara!

Lehenik eta behin maiatzaren lehengo eguneko kontu bat azaltzea gustatuko litzaidake. Txekian, apirileko azken gauean eta hurrengo egunean zehar “Sorginen gaua” ospatzen da. Itxura denez, gauean sute txikiak prestatzen dituzte, bertan sorgin itxura duten panpinak erretzeko eta bere inguruan kantu eta dantza egiten alaitzeko. Aldiz, hurrengo egunean ohitura da goizean goiz bertako mendietara bueltatxoa egitea eta bertan, nola ez, garagarra eta hainbat jakiekin “hamaiketakoa” egitea. Nik, indarrak berreskuratzeko irudian ikusten den “Branborak” patata opiltxo frijitua probatzea erabaki nuen.

Hil onetako 3. egunean, Suedia eta Finlandian Izotz hockeyko munduko kopa hasi zen. Hemen oso kirol jarraitua da eta selekzioak jokatzen duen bakoitzean igarri egiten da. Adibidez, zenbait tabernatan deskontuak egoten dira partidak iraun arte. Tamalez, Txekia ez da espero bezain ondo hasi, lehenengo 3 partiduak galdu egin baititu. Hala ere, Eslovenian aurka garaipena lortu zuen “4 – 2”-ko emaitzarekin, eta txapelketan bizirik dirau oraindik, bere joko maila hobetzen. Guk ere behar bezala animatzen dugu, kamiseta, txapel eta guzti!

Aste barrua bukatzeko eta asteburua hasteko, ostiralean Nika-k eta bere mutilak, kristoren otordua prestatu ziguten bere etxean. Honelako ongietorriarekin, eguna nola joango zen aurreikusten genuen !

Terraza-etxola-portxe paregabeak, Kañero eta barbakoa zituen eta gainera, eguraldia arratsalde osoan zehar lagun izan genuen. Komentatutako hockey partida ikusi, “Pilorum” jokoa praktikatu, eta janari eta edari ugari dastatu genituen. (Tartean Leok momentuan gertatutako mojitoak ere).

Lehengo platera etxeko osagaiekin egindako errezeta izan zen, gure kasuan, 40 arrautzaz, hirugiharraz, kipulaz eta ogiaz egindako eta “Vaječina” izenaz ezagutzen den jakia. Gure “errebuelto” trazak  hartu genizkion, baina suak erabili izanak ukitu berezia ematen zion.

Bigarrena, aldiz, “Špíz z vepřového a kuřecího masa”. Aurretik 2 egunez marinatzen egon zen eta 2 orduz sutan bueltaka egon zen BiG KeBaP-a izan zen. Duda barik, berau baino askoz gozoagoa da, izan ere, bi mototako txerri haragia eta oilaskoa marinatua goxo-goxo sutan poliki sukaldatu izan den errezetak, ez du horrelako konparaketarik onartzen.

Zapatu osoan zehar euria besterik ez zuen egin, eta arrazoi horregatik Ostrava-ko “Nova Karolina” merkatal zentrora hurbildu ginen, bertako giroa ikuskatzera. Denda pare baten sartu eta ezer erosi ostean, afaltzeko toki desberdin baten bila jarri ginen.

Konderen telefonoko aplikazio baten laguntzaz, mexikar, txinatar, eta beste hainbat jatetxeen artean, erdi ezkutatuta zegoen greziar batera joatea erabaki genuen. Jogurta, pita eta haragi espeziatuak jan ondoren, 7-ko nota justu-justu eman genion. Grifoko ura, 25 korona kobratzea ere!

Bat gutxiago. Beste lau eta etxean egongo gara. Ondo ari gara, baina etxea eta etxekoak, faltan botatzen ditugu honezkero.

GAIZTUAK IZAN!

B.O.U.


Utzi iruzkina: