25.astea: Maiatzean Vienara

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-05-06 21:42

 

Maiatzaren lehengo aste honetan, txekiarron eta euskaldunon arte beste antzekotasun bat aipatzetik hasiko natzaizue kontakizuna. Txekieraz, euskaraz bezala, hilabeteen izen bereziak erabiltzen dituzte, urteko garai bakoitzari dagozkion naturako gauzekin harremana dutenak hain zuzen. Maiatzari euskalki batzuetan Loraila (Loreen hila) esaten zaion bezala, txekieraz Květen (lorea = Květina ) esaten zaio, zenbait gauza tradizionaletan Maj ere esaten zaion arren.

Aurreko asko Majáles jaialdiaren MAJ- erro hortik datorren bezala, San Prudentzio inguruan herri askotan (Elorregi-Bergara, Etxarri-Aranatz…) egiten den tradizioa dago hemen ere, Máje edo Májka izenekoa. Ohitura honen arabera, maiatzaren batean, herriko gazteek zuhaitz enbor bat jasotzen dute eta hilabete osoan zutik mantentzen saiatu behar dira. Inguruko herrietako gazteek ostera, enbor hau botatzen saiatu behar dira.

Májovak bandako lagun batek deituta joan nintzen maiatzaren batean Karviná-ra jotzera. Banda hau meatzarien banda izan da hasieratik, inguru hauetako langileen %80a meatzeetan lanean jardundakoa baita. Txekiaz gain, munduko leku askotan ibilitakoa da banda hau eta sari garrantzitsuak irabazi izan ditu.

Kontzertuaren ostean, etxera bidean gelditzen den Cieszyn / Český Těšín herrian egin nuen lehen geldialdia. Polonia eta Txekiaren arteko muga egiten duen Olza ibaiak banatzen du hiriaren alde bakoitza. Antzina, Silesia batua zenean hiri bakarra zen, baina Lehen Mundu Gerraren ondorioz bi estaturen artean banatua izan zen.

Hurrengo geldialdia Frýdek-Místek-en egin nuen, U Arnošta garagardotegiko terrazetan Šubaduba Band-en emanaldi ikusgarriaz gozatzeko. Taldeko batzuekin beste banda batzuetan joten dudanez, harreman handia dugu eta musika eta koreografia ikuskizun benetan erakargarria ikusteko aukera izan nuen. Bejondeiela!

Konturatu orduko iritsi zen asteburua eta barixaku arratsaldean ailegatu ziren gurasoak Katowice-ko aireportura. Frýdek-Místek-eko Hrad-ean (Gazteluan) kandelen argiaren laguntzaz, afari goxo batekin eman genion hasiera bisitari.

Zapatu goizean gure etxea eta herri inguruak ikusi eta gero, Olomouc-erako bidea hartu genuen. Bazkalostean Bouzov gaztelua zain genuen. Pelikula askotan agertu diren horma, teilatu eta pasabide ikusgarriek Erdi Aroko bizimodu eta gatazketara eraman gintuzten.

Blansko herrian lo egin eta gero, domeka goizean Osinaga-Urizartarrek bisitatu zituzten Moravský Kras-eko amildegi eta kobazuloetan barna sartu ginen gu ere. Benetan bereziak dira lurpeko fenomeno karstiko hauek.

Lurpetik aterata, Eslovakiako hiriburu den Bratislavara joan ginen. Hiri txikia da Bratislava, gaztelua eta alde zaharreko hiru-lau kalez gain ikusteko askorik ez duena, baina bere txikitasunean ederra. Kalean dauden burdinazko estatuak dira bertako gauza berezienetarikoak.

Azkenik, iluntzean Vienara iritsi ginen. Austriako hiriburua Europako ederrenetarikoa da. Garai bateko Austrohungariar inperioaren ikur izandakoak, jauregi, lorategi, katedral eta etorbide zabalak gordetzen ditu.

Baina Viena ez litzateke Viena izango musikarik gabe. Zorionez 1842tik diharduen, baina jende gehienarentzat “urte-berri-egunian-jotzen-dabenak” Wiener Philharmoniker-en kontzertu bat ikusteko aukera izango dugu Musikverein-en.

Goraintziak denoi eta ondo segi,

Wien; Stadt der Musik und Träume

(Viena; musikaren eta ametsen hiria)

BKU


Utzi iruzkina: