soy de Santurce

tusflog 1456153190656 tusflog | 2006-08-27 11:37

bonita aldea..." kanta ezagunaren letrari atxikitzat har nazakezu, bali(o)zko irakurle horrek, hona heldu bazara behintzat. Mamariga auzokoa ("de Mmmammmariga..." auzokide batzuei gustatzen ei lez),berton sortua duela berrogeita bat urte eskas,  eta ordutik hona berton bizi izana. Santurcekoa naiz  sortzez eta Santurtzikoa bihotzez,  erreparaiozu ñabardurari, "mestizajearen" semea. Ama 1959an Maroko deskolonizatu berritik etorritako kolono ohi eta emigrante berri espainiarra; aita bertoko langile familian sortua eta, bertokook legetxe, erdaldun baskoa eta mamarigar harroa. Jardungo dugu, bai, Mamariga/Santurtzi-Santurce/Ezkerralde-Margen Izquierda maitagarri eta gorrotagarri hauetaz, beste batzuetan.

Hogeita bat urterekin hasi nuen nire  maitaldia  euskadunen berbakerarekin, ordurarte hitz soil batzuk besterik ez bainituen ezagutzen, aitari eta aititari entzunak (azkeneko honeri batez ere, txikitan bere izebekin saltzaile ibili baitzen Uribe Kosta eta Ipar Uribeko merkadiloetan, eta zenbait berba ikasi zituen hartan), nire belarrian arrotz eta xelebreak. Eta ezagutu ditudan maitasun harreman guztietan bezala, gaziak eta gozoak tartekatu dira nonbait. Amodio kontuak ez zaizkit mingarriak izan orain artean, maitale eder eta emaile eskuzabala izaten baita euskara niretzat, baina ez da erraza euskaldun izatea, eta are gutxiago Ezkerralde honetan. Alderantziz ere, maiz garratz eta mikatza, neke eta asperra, amorru eta etsipen iturri,... ere izaten da. Ostera,  beste batzuetan (askotan idazteari gehiegitxo deritzot) ezti gozoa dastatzeko parada emoten du; eta jakingo duzu, laguna, ura ze pozgarria dan basamortuan galdurik dabilenentzat! Jorratu egingo dugu gai hau ere.

Baina hasteko nahikoa dugu honako honegaz. Beste egun batzuetan pista gehiago emoten jarraituko dut nitaz, bizipen gehiago azaleratzen, barruan eta buruan ditudan horiei hegoak eman euren bidea egin dezaten, ea eurekin bat ikasten dudan neronek ere hegaz.

Agur


Utzi iruzkina: