elkartasunik ez!

tusflog 1456153190656 tusflog | 2007-01-30 12:47

Gauza ederra iruditzen zait elkartasuna, gizakiok gizaki egiten gaituenetakoa da-eta, baina, zer ostias! oraindik ez nago prest edonori edozelan elkartasuna adierazteko.
Eskatu gabeko azalpena dator Santurtziko Hijas de la Cruz ikastetxe pribatu erdaltzale katolikoak elkartasuna eskatu didalako, gainontzeko santurtziarroi bezalaxe, ikastetxeak oraingo kokalekuan iraun dezan eta S. Francisco Javier ikastetxe pribatu erdaltzale katolikora eraman ez dezaten.
Ez nator bat Santurtziko erdigunean dagoen lur saila eraikuntzako enpresa bati saldu izanarekin, lur sailaren jabea den Murrieta fundazioak (erdaltzalea berau ere bai, noski) egin duen lez, nahiz eta irabazitako 9 milioi euro herriaren alde xahutuko dituztela esan badute ere (zergatik ote naiz hain sinesgogorra halako Fundazio-zeinek-kudeatzen-duen-benetan-herritarrok-ez-dakigun eta-orain-arte-herrian-guztiz-ezezagunekin?). Ez nator bat udal gobernuaren jarrera zuriarekin ere. Baina hortik neure elkartasuna adierazteraino, neure balkoian zapi morea eta paparrean kolore bereko zingola jartzeraino badago tarterik, egon. Are gehiago, orain, ikastetxe pribatu katoliko erdaltzaleak bizirik irautea herriko klase ertain beste-edozerekin-axolagabeak honetarako, beren ikastetxe elitista karka hau matxinadarako ikur bihurtu duten oraingoan. Gehiago oraindik, santurtziartasunaren adierazgarri eta ondare (?) aurkeztuta ere.
Nigatik, eraman dezatela ikastetxea pikutara ere, eta lur sail hori santurtziarrok benetan goza dezagun izan dadila! Lehendik ere bazegoen eta egun ere badago motiburik benetako herri matxinadarako dei egin dezaten molde berriko matxinatu "guay"-ek.



Utzi iruzkina: