Zuria Siria

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2012-07-25 17:02

Ramadan garaia da,eta Ramadana da musulmanentzat hilabeterik sakratuena, euren egutegi ilargitarrean.


Ramadan garaia da Sirian.


“Zuria” ahoskatzen dute siriarrek “Siria”.

Halakoxea baita Siria, zuria... Zuriak hirietako kale estu amaigabeak, zuriak meskiten minareteak, zuriak imam-en tunikak, eta durbanteak... han-hemenka salgai dauden irinez, eta azukrez egin pasteltxo goxoak.


Zuriak Alepo, Homs, eta Hamma-ko, abuztu itogarriko zeruak, zuriak Palmira-ko zutabe eta harbilak.


Zuriak beduinoen begiak.


Zuria da, Siriako hiri, herrixka, oasi, putzu, abere, gizaki... bakoitza ,magalean biltzen duen betiko basamortua.


Ramadana iritsi da Siriara, beti legez, zuriz jantzia, bakea, arimaren eta gorputzaren arazlea... baraua.


Ramadana, egunerokoaren etena, otoitza eta gogoeta.


Espiritualtasuna.


Bortxaren debekua.


Ala u akbar! (Jaungoikoa handia da!), garrasia entzuten da ozenki Siria zuriko kale kantoietan, bonba, tiro, hilotz, negar zotin, espantu irudi... bakoitzaren ondotik... eta aurretik.


Siria zuria, gorriz jantzirik.


Ala u akbar! (Jaungoikoa handia da!), armak eskuetan, anai-arreba, lehengusu, etxeko, auzoko, herriko, haur, emakume, zahar, gizon, gazte, musulman, gizaki... akabatzeko.


Ala u akbar! (Jaungoikoa handia da!) entzuten da otoitzean, “sura” bakoitzean, meskita, eta etxean, hiri eta basamortuan, korana eskuan, anai-arreba, lehengusu, etxeko, auzoko, herriko, haur, emakume, zahar, gizon, gazte, musulman, gizaki... maitatzeko.