Zer da maitasuna?

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2012-03-18 21:58

 

 

Begien aurrean zeukan zeruertzari so jarri zen mutila. Mendiak zeuden han urrunean, haitzak, dunak, landare herrestariak, bizirik irautea ezinezkoa zen inguruetan bizirik irauten saiatzen zirenak ... Hantxe zegoen basamortua, hainbeste hilabetez berak alde batetik bestera zeharkatu zuena eta, hala eta guztiz ere, zati txiki bat baino ezagutzen ez zuena. Zati txiki horretan aurkitu zituen karabanak, klanen arteko gerrak, eta berrogeita hamar mila datilondo eta hirurehun putzudun oasi bat.

- Zeren bila etorri zara gaur hona?- galdegin zion basamortuak-. Ez al genuen elkar nahikoa ikusi atzo?

- Zure baitako lekuren batean dago maite dudan pertsona -esan zion mutilak-. Zure hareei begira jartzen naizenean hura ere ikusten dut, hortaz. Harengana itzuli nahi dut, eta zure laguntza behar dut nire burua haize bihurtzeko.

- Zer da maitasuna? -galdetu zuen basamortuak.

- Zure hareen gainean belatza hegaldatzen denean, han dago maitasuna. Soro berdea bezalakoxea baitzara zu belatzarentzat, eta ez da inoiz itzultzen zure baitatik ehizakirik gabe. Ongi ezagutzen ditu zure haitzak, zure dunak eta zure mendiak, eta eskuzabala izaten zara zu harekin.

- Nire zatiak erauzten ditu belatzaren mokoak -esan zion basamortuak-. Urte luzez jarduten dut haren ehizakia hezten, daukadan ur apurra ematen diot, jana non dagoen erakusten diot. Eta, halako batean, justu ehizakiaren ferekak nire harearen gainean sentitzeko zorian naizenean, justu orduan etortzen da zeruan behera belatza, eta nik hazitakoa berak eraman egiten du.

- Baina, horretarakoxe hazten duzu zuk ehizakia -erantzun zion mutilak-. Belatza elikatzeko, alegia. Eta belatzak gizakia elikatzen du. Eta gizakiak, noizbait, zure hareak elikatuko ditu. Eta horietatik sortuko da berriz ere ehizakia. Horrela ibiltzen da mundua.

- Eta hori maitasuna al da?

- Maitasuna da hori, bai. Horri esker bihurtzen da beruna urre, eta horri esker ezkutatzen da berriro urrea lur azpian.

- Ez ditut ulertzen zure hitzak- esan zuen basamortuak.

 

Paulho Coelho. Alkimista (Txalaparta 2004)