Tifinag alfabetoa
Tifinag-a edo tifinar-a, berbereek darabilten alfabetoa da, tuaregek batez ere.
"Tifinag" hitza, "Tafinek" hitzaren plurala da, esanahia, tuareg hizkuntzan, "zeinu idatzia" delarik. Aldi berean, harkaitzetako grabatu eta marrazkiak izendatzeko ere balio du, sarri, gainera, azken esanahi hau gailentzen zaio aurrekoari.
Tuaregen kulturan, "Aniguran" ikertzaile mitikoa da alfabeto honen asmatzailea, gizon hau, bere zuhurtziagatik zelarik ezaguna, batez ere.
Slaouti Taklit, Aljergo unibertsitateko hizkuntzalari eta irakaslearen ustez, tifinag-aren jatorria, k.a. VII-V mendeen artean legoke, Afrika iparraldean, gaur egungo Aljeria eta Tunisia inguruan.
Aitzinean, esanahi erlijiosoa lukete ikur haiek, izakiak et objektuak izendatzeko balioko zuketen, izenak, izana esan nahi baitu, bigarren jaiotza bat. Idazkera honek, beraz, oinarri erlijiosoa du, jainko zerutiarrek (astroekin loturikoek batipat), berebiziko garrantzia dutelarik.
Jatorriz, alfabeto kontsonantikoa da, bere ibilbidean, hainbat aldaketa jasan dituena; "tifinag libykotik" "Saharako tifinagera", eta hemendik "Tuaregen tifinaga" bilakatu denera.
Alfabeto honen erabilera, inbasio musulmanak baino askoz ere aspaldikoagoa da, eta inskripzio zaharrenen balioaz, Charles de Foucauld-en lan eskergak, hitz egin digu batez ere.
Tuaregen tifinag-a aztertuz, ikurren balio desberdinaz ohar gaitezke, hau, dialekto desberdinen erruz gertatzen da. Halere, eskualde batetik bestera, zeinuen esanahia aldatzen bada ere, testuak, ulerterrazak dira batzuentzat, zein besteentzat.
1960. urtearen bukaera aldera, Aljerian, "Berbere Akademia" kultur elkartea sortu zen, tifinag-a oinarri zuen alfabeto estandarra sortzeko asmoz. Honen helburua, dialekto berbere desberdinak biziberritu eta transkribatzea zelarik.
Gaur egun, hizkuntza berbereek ez dute ofizialtasunik. Bere eremu propioan, beste hizkuntza batzuk dutelarik bai nagusitasuna, bai eta ofizialtasuna ere; Maroko, Aljeria eta Libian, arabiera da ofiziala eta, Malin, Nigerren eta Burkina Fason, frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra.
Tifinag-a harkaitzetan