Nire tuareg irakaslea, Adouma Alghoubas

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2013-11-02 16:37

Adouma Alghoubas

 

 

Hizkuntzetan igeri bizi gara. Hizkuntzek blaitzen, bustitzen gaituzte. Hornitzen ... pentsamenduz, ideiez, kezkez, ametsez.

Nik, euskara izan nuen sehaskan itsaso zabal ... eta urdin. Gero, etorri ziren besteak, Quevedorena, eta poeta madarikatuena, Rimbaud, eta Baudelairerena. Shakespeareren hizkuntzari ere, egin diot lekutxo bat nire magalean.

 

Baina eta Sahara zabal, misteriotsuan, alde batetik bestera, haizearekin batera, bazterrak harrotuz dabilenarengana hurbiltzea nahi izan dut, oraingoan. Tamasheq hizkuntzari ateak zabaldu, eta berarekin bat egin, dunetako hareetan murgildu.

Eta bidaia horretan, Adouma Alghoubas aurkitu dut internet mortu sareetan barrena. Timiako kel-tamashaq-a, gaur egun Niamein bizi den tuareg gaztea.

 

Nik, bere hizkuntza ederrean, lehenengo urratsak Djanet oasiaren freskuran eman nituen gustura. Bada orain, arazoak arazo, ezin Sahara basamortura hurbildu, eta beraz, gogoa bizi-bizi jarraitzen natzaio Adoumari internet amarauneko bide korapilatsuetan zehar, Tuareg hizkuntza iheskorraren ondotik. Nire hizkuntza bezain nire egiteko antsiaz.

 

Eta ilusio hau partekatzeko asmoz, hortxe, eskuineko zutabean (behekoa da) uzten dizuet Adouma, nire tuareg irakaslearen blogerako linka.

Hurbil zakizkiote beldurrik gabe. Aurki blaituko zarete hondarrez, eta zerumuga infinituez.

Hori bai, frantsesa nahitaezko zubi duzue. Animo!

 

 

 

 


Utzi iruzkina: