Neokolonialismoa nagusi

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2012-01-17 18:45

Agadez inguruko haur kel tamahak-ak (tuaregak), eskolan

 

 Gaur egungo Afrikan, deskolonizazioa gauzatu den arren, ez da sekretua neokolonialismoa geratu dela nagusi. Estatu berriek, estrukturalki makur sortuak, boterea bortxan oinarritu behar izan dute maila guzietan.

 Politika linguistikoa gainerako politiken isla izan da. Afrikako herri hizkuntzak, independentziaren ondoren, normaldu beharrean “bernakularizatu” egin dira. Bernakularizatzea, herri hizkuntza hori baztertzea da. Hau da, herri hizkuntzatzat onartzea, arbasoen hizkuntzatzat mitifikatzea, baina bizimodu modernoan erabilia izateko biderik gabe uztea. Horixe egin da Afrika beltzean, non bertako hizkuntzak bazterturik frantsesa, ingelesa edo portugesa hizkuntza kolonialak hartu diren, independentziaren ondoren ere, hizkuntza ofizialtzat.

 Herri hizkuntzaren bazterketaren aldekoek hiru argudio hauek erabiltzen dituzte bereziki: 1) europar hizkuntzek “komunikazioa” errazten dutela estatu barrura begira, baina batez ere kanpora begira; 2) estatuan herri hizkuntza bat baino gehiago egiten direnez, ofizialtzat horietako bat hautatzea diskriminatzailea litzatekeela; eta hainbat hizkuntza erabiltzea, berriz, zatitzailea; 3) bertako hizkuntzak plano ofizialean erabiltzea zibilizazioari uko egin eta tribalismora itzultzea litzatekeela.

 Antigoaleko argudio kolonialak dira, agerian.


Joseba Sarrionandia; Moroak gara behelaino artean? Pamiela 2010